Gizartea -
Gizonezko bat hil zen
Cifuentes: 'Poliziak ez zuen liskarra aurreikusteko daturik'
Poliziak "zertan huts egin zuen" eta Segurtasun Indarrek liskarra zergatik ez zuten aurreikusi zehaztu beharko dute orain, Cifuentesen esanetan.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak ez zeukan Atletico Madril eta Deportivo taldeetako zaleen arteko liskarra aurreikusi zitzakeen daturik, gaur Cristina Cifuentes Espainiako Gobernuaren Madrilgo ordezkariak adierazitakoaren arabera.
Poliziak "zertan huts egin zuen" eta Segurtasun Indarrek liskarra zergatik ez zuten aurreikusi zehaztu beharko dute orain, Cifuentesen esanetan.
Gertatutakoaz "txostenak" eskatu ditu dagoeneko Cifuentesek. “Zertan huts egin zuten baino, zer neurri hartu behar ditugun jakin nahi dut, etorkizunean horrelako gertaerak saihesteko”, esan du Cadena Ser irrati-katean egin dioten elkarrizketan.
Indarkeriaren aurkako Espainiako Batzordeak ez zuen atzoko partida “arrisku handikoa” zenik ohartarazi, Gobernuko ordezkariak azpimarratu duenez. “Hala egin izan balu, polizia gehiago izango ziratekeen” eta Madrilera etorri ziren “erradikalen autobusak kontrolpean izango genituzkeen”. “Baina arrisku gutxiko partida zela erabaki zutenez, ez genuen horrela egin”, gaineratu du.
“Inork ez zion Poliziari jakinarazi kanpotik erradikalak autobusez zetozela eta borroka bat aurretik adostuta zutela”, azpimarratu du Cifuentesek.