Gizartea -

Nazioarteko eguna

Erakundeak eta herritarrak, genero indarkeriaren kontra

Eusko Jaurlaritzak indarkeria mota horren prebentzioak duen garrantzia azpimarratu du, eta haurrekin eta gazteekin lan egitearen aldeko apustua egin du.

Ehunka lagun kalera atera dira emakumeenganako indarkeria saltzeko

0:48

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astearte honetan, Genero Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izan da, eta erakunde publikoak kalera atera dira milaka emakumek pairatzen duten egoera salatzeko eta indarkeria mota honen kontrako konpromisoa agerian uzteko.

Hori horrela, Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazpen instituzionala irakurri du Gobernu Kontseiluaren ostean. Testu horretan, Eusko Jaurlaritzak indarkeria mota horren prebentzioak duen garrantzia azpimarratu du, eta haurrekin eta gazteekin lan egitearen aldeko apustua egin du; errespetuan, askatasunean, autonomian eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzeko.

Horren aurretik, Iñigo Urkullu lehendakariak, sailburuek eta Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak bost minutuko kontzentrazio isila egin dute Lehendakaritzako atarian.

Adierazpen instituzionalean, Jaurlaritzak "erabateko gaitzespena" agertu dio indarkeria sexistaren adierazpide orori, eta emakumeen eta gizonezkoen arteko "desberdintasunean" oinarritzen direla salatu du. Hori horrela, sexismo mota guztiak errefusatu ditu, "oharkabean" igarotzen direnak eta "normaltasunean" sartzen direnak, barne.

Eusko Jaurlaritzaren ustez ezinezkoa da gizontasun eta emakumetasun ereduetan "aldaketa sakona bilatu gabe" emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitea.

Bilbon, Udalak ekitaldi instituzional bat egin du, eta zinegotzi guztiek hartu dute parte. Donostiakoan, udal bozeramaileek pankarta bat jarri dute aretoan, indarkeria matxistaren aurka borroka egitea "denon erantzukizuna" dela aldarrikatzeko.

"Badago irtenbiderik"

Espainiako Estatuaren mailan, Ana Mato Osasun, Zerbitzu Sozialak eta Berdintasun ministroak emakumeenganako indarkeriaren kontrako 'Badago irtenbiderik' kanpaina berria aurkeztu du, gazte eta nerabeei zuzendutakoa, tratu txarren lehenengo zantzuak antzemateko eta ziberjazarpena aurreikusteko.

Ekitaldian, bikotekideen eta bikotekide ohien eskuetan aurten hildako 45 emakumeen izenak irakurri dituzte, eta azken hamarkadako 750 hildakoak gogoan izan dituzte.

Kanpaina berria, bihartik aurrera prentsan, irratian, telebistan eta Espainiako zein atzerriko hedabide digitaletan zabalduko dutena, 13 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago 'Konta ezazu' lelopean, uler dezaten “dominazioak eta kontrolak ez dutela zer ikusirik amodioarekin”.

Zure mutilak beldurtzen bazaitu, sakelakoa kontrolatzen badizu, zure lagunengandik urruntzen bazaitu edo barregarri uzten bazaitu besteen aurrean, konta ezazu. Genero indarkeriaren aurrean badago irtenbiderik”, horiek dira iragarkietan agertuko diren lau mezuak. Kanpaina egiteko 1,64 milioi euroko aurrekontua izango dute.

Bestalde, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak indarkeria matxistari batasuna oinarri aurre egiteko deia egin du, eta gai hau helburu politikoekin erabiltzea egotzi dio PSOEri.

Senatuan, Maria Chivite sozialistak emakumeen babesari buruz zer balorazio egiten duen galdegin dio Rajoyri, eta horrek galdera hori eginda "zer irabazi" nahi duen galdetuta erantzun dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak