Gizartea -

A-25 elkarrizketak

'Gizonok enpatia landu behar dugu genero indarkeriari aurre egiteko'

Gizonek konpromisoa eta kontzientzia hartzeko lanean dihardu Mikel Otxotorena On:giz elkarteko kideak. Genero indarkeriari aurre egiteko gakoez eta egungo gizonez mintzatu da soziologoa.

Mikel Otxotorena Ongiz elkarteko kide eta soziologoa.
Mikel Otxotorena
Mikel Otxotorena Ongiz elkarteko kide eta soziologoa.

Eider Garaikoetxea | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 25aren atarian, atzera eta aurrera, hitzaldi batetik bilera batera, harrapatu dugu Mikel Otxotorena emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak desagerraraztearen alde lan egiten duen On:giz elkarteko kidea. Gizonen inplikazioa sustatzen eta berdintasunaren aldeko kontzientzia pizten aritzen da Otxotorena, eta genero indarkeriaren gaia gizonen ikuspegitik aztertzea eskatu diogu.

Azterketarekin hasita, eta prebenitzeko gakoez itaunduta, "formula magikorik" ez dagoela azpimarratu du Otxotorenak eta arazoari hainbat mailetatik aurre egin behar zaiola esan du. Dena dela, bi hitz aipatu ditu giltzarri gisa: "kontzientzia eta enpatia".  Gizonek azken honetan jarri behar dute arreta, adituaren esanetan. Izan ere, haren iritzian, "gizonok ez bagara bestearen tokian, kasu honetan emakumeen tokian, jartzen zail samar izango dugu arazoari hurbiltzea eta aurre egitea. Esango nuke kontzientziak eta enpatiak ekintzara garamatzala".

Genero indarkeria eta, oro har, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna terminoak entzutean, gizonak "bigarren plano batean, ikusle soil gisa" geratzen direla nabarmendu du soziologoak: "Emakumeen arazo direla eta emakumeek konpondu beharrekoak direla pentsatzen dugu gizonok. Arazoa gurekin ez balihoa moduan jokatzen dugu, eta noski, horrekin apurtu beharra dugu", erantsi du.

Horren ildoan, "gizonen parte-hartzea eta kontzientzia beharrezkotzat" jo du Otxotorenak, ezberdintasunarekin eta emakumeekiko indarkeriarekin aurrera egin nahi bada.

Hain justu, kontzientzia eta parte-hartze hori zabaltzen hasi ote den galdetuta, baikor agertu da On:giz elkarteko kidea. Haren ustean, "gizarte mailan, orokorrean, gauzak aldatzen doaz eta  hor ere gizonezkoengan aldaketa ere ematen ari da". Aldaketa "txikiak" atzematen ditu Otxotorenak, baina aldaketak dira behintzat. "Emakumeen kontrako indarkeriaren kasuan, gero eta inplikazio gehiago dago, baina, noski, oraindik gutxiengoez hitz egiten ari gara. Publikoki indarkeriaren aurka iritzia azaltzen dutenen gizonezkoen kopurua oraindik oso txikia da", azpimarratu du.  Horren ildoan, urrian AHIGE Estatuko gizon berdinzaleen elkartetik egindako ekintzak eta Euskal Herrian azaroaren 25aren harira, indarkeria matxista salatzeko antolatu diren elkarretaratzeak aipatu ditu Otxotorenak.

Gazteak, matxistago?

Belaunaldi berriekin atzerapausoak egon ote diren galdetuta, ezezkoa erantzun du On:giz elkarteko kideak: "Nik ez dut horrenbesterako ikusten". Otxotorenaren esanetan, emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna eta indarkeria gizartean ondo errotutako baloreak dituzte oinarri eta, hori horrela izanda, "estruktura hori oso zaila da belaunaldi batean aldatzen hasteko; bere prozesua behar du", argudiatu du.

Otxotorenak agertu duenez, aldaketa gizarte sexistak bizirauteko erabiltzen dituen tresnetan egon daiteke eta adibidea ere ipini digu, hobeto uler dadin. "Bikotekideen arteko kontrola beti egon da, gure gurasoen garaian, gurean, baita belaunaldi berrien garaian ere. Orain sakelakoaren bitartez egiten da bikotekidearen kontrola. Kontrola mugikorren bitartez areagotu delako, atzera egin dugula esan nahi al du? Ez dut uste", argitu du. Hori horrela, "atzera ez, egitekotan aurrera egin dugu, apur bat bada ere", borobildu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian