Gizartea -
Manifestazioa Madrilen
Abortuaz emandako hitza betetzeko eskatu diote milaka lagunek Rajoyri
PPko hainbat parlamentarik parte hartu dute manifestazioan, eta baita Ana Botella Madrilgo alkate 'popularrak' ere.
Erredakzioa
Hauteskunde kanpainan Abortuaren Legea aldatzeko emandako hitza betetzeko eskatu diote milaka lagunek Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidenteari. Gainera, legea aldatu ezean, gizarteak erantzukizunak eskatuko dizkiola ohartarazi diote.
"Bizitza bakoitzak axola du" lelopean Madrilgo kaleetan barrena manifestazioa egin dute larunbat eguerdian. Manifestazioa Ruiz Gimenez biribilgunetik abiatu da eta jai-giroan egin dute Kolon plazara arteko bidea, PPren egoitza nagusia dagoen Genova kaletik igaro direnean, alabaina, PPren kontrako oihuak eta txistuak entzun dira.
Antolatzaileen esanetan, 1,4 milioi pertsonak parte hartu dute manifestazioan eta beste zenbait iturriren arabera, 60.000 lagun elkartu dira. Hala ere, Polizia Nazionalak azken kopuru hori gezurtatu egin du eta ez du zifrarik eman nahi izan.
Manifestazioaren amaieran, Benigno Blanco Familiaren Foroa elkarteko presidenteak abortua eta hori sustatzen duten legeak "deuseztatzeko" eskatu dio Mariano Rajoyren Gobernuari. Hala, egungo Abortuaren Legea indargabetzeko eskatu dio Gobernuari. "Gizarteak botoarekin saritzen jakingo du", eta egin ezean, manifestazio berriak deituko dituztela iragarri du.
Ildo horretan, martxoaren 14an abortuaren kontra eta bizitzaren alde egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
PPko hainbat parlamentarik parte hartu dute manifestazioan, eta baita Ana Botella Madrilgo alkate popularrak ere.