Gizartea -

Mugarik Gabeko Medikuak

Nafarroako mediku bat Espainiaratzen ari dira ebola duelakoan

Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak Malitik aberriratzea erabaki du. Nafarroako medikua ebolaz kutsatutako gaixo bati injekzioa jartzen ari zen orratzarekin sastatu denean.

Fernando Simon ebola batzordeko kidea. Argazkia: EiTB
Fernando Simon ebola batzordeko kidea. Argazkia: EiTB
Nafarroako mediku bat Espainiaratzen ari dira ebola duelakoan

1:56

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mugarik Gabeko Medikuen boluntario nafar bat Espainiaratzen ari dira ebola duelakoan. Malitik atera dute eta Madrileko Carlos III ospitalera eramango dute, Gobernuko iturriek Europa Press albiste-agentziari jakitera eman diotenez.

Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak Malitik aberriratzea erabaki du. Nafarroako medikua ebolaz kutsatutako gaixo bati injekzioa jartzen ari zen orratzarekin sastatu denean. Gobernuz kanpoko erakundeak hegazkin bat pleitatu du medikua ekartzeko.

Boluntarioak gaixotasuna garatu duenik esateko ziurtasunik ez dago, Fernando Simon ebola batzordeko kideak Moncloan, prentsaurrekoan, azaldu duenez. Hala ere, badaezpada koarentenan jarriko dute; ebolak kutsatutako gaixoekin harremanetan egon delako.

Emakumea Bamakon (Mali) ari zen lanean. Eritasuna Afrikako herrialde horretan zabaldu da eta Atzerri Ministerioak bertara ez joateko gomendioa eman zuen kutsatzeko arriskuagatik.

Kutsaduraren aurreneko 48 orduetan dagoenez, boluntarioak ez du sintomarik, ezta ebola beste pertsona bati kutsatzeko gaitasunik ere. Eritasunaren inkubazioa baztertzeko frogak egitea ezinezkoa da, goizegi delako.

Kutsadura "arrisku handia"

Batzorde zientifikoaren bozeramaileak ez du xehetasun gehiagorik eman, eta kutsadura probabilitate bat zehaztea "erraza ez" dela erantsi du. Nahiz eta portzentaje zientifikoek kasu hauetan fidagarritasun eskasa dutela argudiatu, "larruazalaren haustura" batek kutsadura "arrisku handia" duela esan du Simonek.

Horregatik, Teresa Romerori aplikatutako bakartze protokoloa martxan jartzea erabaki du Gobernuak. Gainera, koarentenan izango den epean pazienteari tratamendu profilaktikoa eman ala ez medikuek erabaki beharko dutela azaldu du Simonek.

Fernando Simon ebola batzordea efe

Fernando Simon ebola batzordeko bozeramailea. Argazkia: EFE

Hala ere, boluntarioa momentuz beste pertsonentzako arrisku bat ez dela errepikatu du batzorde zientifikoko bozeramaileak: "Gaixorik ez dago, eta ez da inorentzako arrisku bat".

Ebolari aurre egiteko kide bat Malitik atera behar izan dutela baieztatu du gobernuz kanpoko erakundeak. Bestalde, pertsonaren nortasuna "anonimatuan" mantentzea eskatu du Mugarik Gabeko Medikuen erakundeak, boluntarioak "hala eskatu duelako".

Laugarren aberriratua

Espainiaratu behar duten laugarren pertsona da Mugarik Gabeko Medikuen boluntarioa. Miguel Pajares eta Manuel Garcia Viejo elizgizonak Liberia eta Sierra Leonatik ekarri zituzten, hurrenez hurren. Juliana Bonoha moja ere aberriratu zuten, baino honek ez zuen eritasuna garatu. Bi elizgizonak, ostera, hil egin ziren ebolak jota, Carlos III ospitalean.

Bestalde, Teresa Romero erizaina elizgizonak artatzen ari zela birusaz kutsatu zen. Romero Afrikatik kanpo ebolak kutsatzen zuen aurreneko pertsona izan zen. Azaroaren 5ean ospitaletik atera zen gaixotasuna gainditu eta gero.

413 pertsona behaketan dituzte Bamakon, baina oraindik pertsona gutxi hil dira ebolak jota. Guztira, ebolak 5.420 pertsona hil ditu, gehienak Afrikan.

Nafarroako Gobernua

Medikuaren "aberriratze azkarra" baloratu du Marta Vera Nafarroako Gobernuaren Osasun kontseilariak, eta Osasun Ministerioarekin harremanetan dagoela azaldu du.

"Beste ezer baino lehen" boluntarioa gaixorik ez egotea nahi du Verak, eta kutsadura baieztaturik ez dagoela errepikatu du. Gainera, medikuaren senitartekoen esanetara jarriko dela azaldu du kontseilariak, "beharrezkoa duten ororentzako".

"Ministerioarekin etengabeko harremanetan gaude, eta horrela jarraituko dugu", adierazi du Verak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Ebola bideoak