Gizartea -
Kontsulta
Osinbeltzeko hondakin biltegiari buruzko galdeketa egingo dute Zestoan
Galdeketa 2015. urteko udan egingo dute, legegintzaldi berria hasitakoan.
Erredakzioa
2015ean herri-galdeketa egingo dute Zestoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Osinbeltz harrobian egin nahi duen hondakin biltegiari buruz duten iritzia eman dezaten herritarrek.
Zestoako Udalak zestoarrei hitza ematea eskatu du, haiek har dezaten azken erabakia proiektuaz, eta Foru Aldundiak baiezkoa eman dio Zestoako Udalari. Halaber, Martin Garitano ahaldun nagusiak herritarren iritzia errespetatzeko konpromisoa hartu du.
"Gaur egungo Foru Gobernuak, hain zuzen, herri-galdeketa egiteko eta zestoarren erabakia errespetatzeko konpromisoa hartu du", azpimarratu du.
Martin Garitano diputatu nagusiak azpimarratu duenez, zestoarrek hartuko dute hondakinen biltegia Osinbeltz harrobian jartzeko eta espazio hori berreskuratzeko proiektuari buruzko azken erabakia, galdeketa bidez.
2015. urteko udan egingo dute galdeketa, Euskadi Irratiak baieztatu ahal izan duenez.
"Zestoan parte-hartze prozesu bat egingo da, informazio eta iritzi trukea errazteko, eta prozesu hori galdeketa batez amaituko da. Galdeketa egiteko, lehendabizi proiektua diseinatu beharko da eta baimen guztiak izan beharko ditu egitasmo horrek. Beraz, datorren urtean izango da; gure kalkuluen arabera, datorren legealdian", gaineratu du Garitanok.
Garitanoren esanetan, Hego Euskal Herrian lehen aldiz hartuko dute herritarrek mota horretako proiektu baten inguruko erabakia.
Zestoako herritarrek Diputazioaren proiektua atzera botako balute zer egingo luketen galdetu diote Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuari, eta hondakinen biltegia kokatzeko beste hainbat alternatiba dituztela azpimarratu du.
EAJren eta PSE-EEren kritikak
Bestalde, EAJk kritikatu egin du kontsultaren data "hondakin biltegia ireki behar zutenerako" deitu izana.
Xabier Ezeizabarrena batzarkidearen ustez, iragarpenarekin "argi geratu da ezker abertzaleak bukatutzat eman duela legegintzaldia hondakinen kudeaketaren esparruan".
Kontsultarekin Bildu “itxurak egiten” ari dela kritikatu du PSE-EEk. Sozialisten hitzetan, Martin Garitanoren Gobernuak Zestoako bizilagunen erabakia “mugatu” nahi du. “Zaborren kudeaketaren eredua Gipuzkoako herritarrek” erabaki behar dutela adierazi du PSE-EEk.
Denis Itxaso PSE-EEko Jasangarritasun eta Energia idazkariak agiri batean azaldu duenez, EH Bilduk “erakusleihoko demokrazia” praktikatzen du “kontsultaren amua bota duelako, baina 3.600 bizilaguni mugatuta, zabortegietako eredu zaharkitua aldatzea Gipuzkoako herritar guztien erabakia denean”.