Gizartea -

Adiskidetze-ekitaldia

De Andresen aurkako kereila kriminala aurkeztuko du SOS Arrazakeriak

Arabako ahaldun nagusiak eutsi egin die irailean elkartearen aurka esandako hitzei; "iruzurraren maisu"tzat jo zuen SOS Arrazakeria.

Javier De Andres, adiskidetze-ekitaldiaren ostean. EFE
Javier De Andres
Javier De Andres, adiskidetze-ekitaldiaren ostean. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiaren kontrako kereila kriminala aurkeztuko du SOS Arrazakeria elkarteak, irainak egitea egotzita.

Etorkinen alde lanean ari den elkarteak eta ahaldun nagusiak adiskidetze-ekitaldia izan dute gaur Gasteizko Justizia Jauregian, irailaren 9an azken honek elkartearen inguruan esandakoen kontura. Elkartea 'iruzurraren maisu' zela esan zuen De Andresek orduko hartan. Adierazpenok erretiratzea jarri zuen SOS Arrazakeriak kereila ez aurkezteko baldintza gisa, baina De Andresek bereari eutsi diola ikusita, epaitegietara joko duela iragarri du elkarteak.

Fede Garcia SOS Arrazakeria Arabako bozeramaileak egin du iragarpena, adiskidetze-ekitaldia amaitu eta gero.

Ekitaldia akordio gabe bukatu da, eta irailaren 9an esandakoak "berretsi" ditu De Andresek, alegia, elkartea "gizarte laguntzen iruzurraren laguntzaile eta maisu" dela. Alderdi Popularreko kideak orduan azaldu zuenez, 764 etorkin egon ziren aldi berean elkarteak Gasteizen duen egoitzan erroldatuta, eta, orotara, 1.252 etorkinek aitortu dute egoitza hori bizilekutzat.

Ahaldun nagusiak hedabideei gaur adierazi dienez, SOS Arrazakeriaken ordezkariak berak "aitortu" ditu erroldatze horiek. De Andresen esanetan, "hori faltsua dela argi dago", etorkin horiek ez zirelako elkartearen egoitzan bizi.

Horren harira, hori egitea ahalbidetzen duen Espainiako Estatistika Institutuaren ebazpen bat badagoela nabarmendu du SOS Arrazakeria elkartearen bozeramaileak. 1997ko uztailaren 4an ebatzitakoaren arabera, badago etorkinak egoitzan erroldatzerik, nahiz eta euren ohiko bizilekua ez izan.

SOS Arrazakeriak esan duenez, eurek errolda "eskaera" baino ez zuten aurkeztu, eta Udaleko gizarte zerbitzuei dagokie onartzea. "Beti izan dute informazio guztia eta beti egon dira isilik. Iruzurra bazen, zergatik ez dute arinago ezer egin?", galdetu du Fede Garciak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea