Gizartea -
Kaskarotenea
Itzulera gogorra Ziburuko ikastolako ikasleentzat
Alkateak ikastetxeari argindarra kendu ostean, gurasoek argindar sorgailu bat eramango dute arratsalderako.
Erredakzioa
Gaur itzuli dira ikastolara Ziburuko Kaskaroteneako 13 haurrak. Oporretan izan dira orain arte, eta zailtasunak aurkitu dituzte itzuleran, Guy Pouloy Ziburuko alkateak ikastetxeko argindarra kentzeko agindua eman duelako.
Hori horrela, gurasoek kandelak piztu dituzte ikasgeletan, eta arratsalderako argindar sorgailu eramangarri bat lortzea espero dute.
Bestalde, gaurtik ostirala arte, kontzentrazioak egingo dituzte egunero, 17:30ean, Ziburun, alkateak hartutako neurriak salatzeko. Protesta horien ondoren, larunbatean, manifestazioa egingo dute.
Guy Pouloyk dio Kaskarotenearen eremua eskola publikoarentzat behar dutela, eta argindarrarekin gauza bera, eskola publikoak, neguari begira, ahal den potentzia handiena behar duela
Gainera, ehun euroko isuna aski ez, eta legea betearazteko asmoz, isuna 400 eurora igotzea proposatu zuen alkateak.
Negoziaketen inguruan, jaso dituen proposamen guztiak eremu publikoetan direla eta hori ez duela onartuko adierazi du. Bere ustez, Ziburuk ez du zertan hezkuntza pribatua lagundu beharrik, eta eskaini dien eremu pribatua da aukera bakarra, erdigunean ezer ez dagoelakoan.