Gizartea -
'Bloomberg Businessweek'
Tim Cook (Apple) armairutik atera da: ‘Gay naiz eta harro nago’
“Bakarrik sentitzen denaren aringarri izateko” eta “jendeak berdintasunean sakontzeko” publikoki bere sexualitatearen berri ematea erabaki duela esan du Apple konpainiako CEOk.
Erredakzioa
Publikoki homosexuala dela esan du Tim Cook Apple konpainiako CEOk Bloomberg Businessweek aldizkarian. Era berean, berdintasunari babesa eman dio Cookek.
“Bakarrik sentitzen denaren aringarri izateko” eta “jendeak berdintasunean sakontzeko” publikoki bere sexualitatearen berri ematea erabaki duela esan du Cookek. Orain arte bizitza pribatua eta Appleko buruzagi gisa betetzen duen papera berezi ditu Cookek.
“Azken urteetan nire sexu-orientazioaz jende askorekin hitz egin dut. Appleko lankide askok homosexuala naizela badakite, eta ez dut alderik sumatu haien tratamenduan”, azaldu du Cookek.
“Nahiz eta sekula ez dudan nire sexualitatea ukatu, orain arte ez dut publikoki onartu. Horrela, argi hitz egingo dut: Gay naiz eta harro nago”, aitortu du Cookek. “Erabaki erraza izan ez dela onartzen dut”, adierazi du Cookek.
Berdintasuna
Azken bi urteetan berdintasuna defendatu du Cookek behin eta berriro. Auburneko Unibertsitatean hitzaldia eman zuen. Applek eta Cookek Lanpostuan Bazterketarik Ez gertatzeko Legeari babesa eman zioten The Wall Street Journal egunkarian.
Urte hasieran, LGBT elkarteari (gay) babesa eman zion Applek, ‘Harrotasunaren’ desfilean.