Gizartea -
Infekzioa
Ebolagatik isolatutako beste bost pertsonak jaso dute senda-agiria
Bien bitartean, Teresa Romerok isolatuta jarraitzen du, eta justizia eskatu du bere txakurraren hilketagatik, "egun osoa negar egiten" ari baita horregatik, eta "egin duenak ordain dezala" nahi du.
Erredakzioa
Teresa Romerorengandik gertu egon zirelako isolatuta zeudenetako bostek senda-agiria jaso dute gaur, Madrilgo Carlos III.a ospitaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Teresa Romero depilatu zuten bi emakume, gaixoa Alcorconen artatu zuen medikua, zentro horretako garbitzaile bat, eta erizain laguntzailearen lagun bat dira gaur senda-agiria jaso dutenak.
Hori horrela, oraindik 12 pertsona geratzen dira ospitalean, Teresa Romero barne, nahiz eta ebola gainditu, gorputzeko jariakinetan arrastoa geratzen zaiolako.
Oraindik ospitalean isolatuta dauden 11 pertsonen artean dago Javier Limon Teresa Romeroren senarra. Horietako inork ez du sintomarik, eta printzipioz 27an jasoko dute senda-agiria (Romerok izan ezik).
Teresa Romero atsekabetuta dago eta justizia eskatu du
Bien bitartean, Romerok isolatuta jarraitzen du. Horregatik, eta Excalibur txakurra hil zutelako, atsekabetuta omen dago, Teresa Mesa familiaren bozeramaileak kazetariei azaldu dienez.
Izan ere, Romerok justizia eskatu du bere txakurraren hilketagatik, "egun osoa negar egiten" ari baita horregatik, eta "egin duenak ordain dezala" nahi du.
Era berean, gaixoa "ahul" omen dago, eta karranpak ditu giharretan.