Gizartea -
Ebola
Romerok isolatuta jarraituko du birusaren arrastoa desagertu arte
Azken egunotan egindako azterketetan birusa gainditu duela egiaztatu badute ere, oraindik birus arrastoak ditu gorputzeko jariakinetan, eta gaixotasuna kutsa dezake.
Erredakzioa
Teresa Romero erizain laguntzaileak isolatuta jarraituko du Madrilgo Carlos III.a Ospitalean, gorputzeko jariakinetan ebola birusaren arrastorik geratzen ez den arte, hau da, gaixotasuna kutsatzeko gaitasunik ez duenean.
Azken egunotan egindako azterketetan birusa gainditu duela egiaztatu badute ere, oraindik birus arrastoak ditu gorputzeko jariakinetan, eta gaixotasuna kutsa dezake.
"Aztertutako gorputzeko jariakin guztiek negatibo ematen dutenean kenduko dizkiogu babes neurriak", adierazi du Jose Ramon Arribas medikuak, Carlos III.eko Gaixotasun Kutsakorren Unitateko buruak, prentsaurreko batean.
Hala ere, ez du zehaztu noiz eraman ahal izango duten ohiko logeletara, gaixo bakoitzak desberdin garatzen duelako gaitza. "Gaixotasun larri baten ostean, egun dezente behar izaten dira aurreko osasun egoerara itzultzeko", gaineratu du, baina bizitza normala egin ahal izango du.
Medikuak azpimarratu du gaixotasuna kutsatzeko inolako aukerarik ez dagoela egiaztatzen dutenean besarkatu ahal izango duela erizain laguntzaileak bere familia, babes neurriak kenduta.
Romero, haserre
Teresa Romeroren familiaren bozeramaileak, Teresa Mesak, jakinarazi duenez, ebolarekin kutsatutako erizain laguntzaileak gogo txarrez hartu du isolamenduan jarraitzeko agindua.
Teresa Romerok "oso gaizki" hartu omen du agindua; izan ere, "atera egin behar zela pentsatzen zuen" gaixotasuna gainditu zuela jakin zuenean.