Gizartea -

Eusko Legebiltzarra

'LOMCEri buruzko akordio partzialak segurtasun juridikoa ematen du'

Legearen aplikazioaren inguruan Jaurlaritzak Estatuarekin lorturiko akordioari buruzko azalpenak eman ditu Hezkuntza sailburuak Eusko Legebiltzarrean.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua. Argazkia: EiTB
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gaur azaldu duenez, LOMCE legearen aplikazioari buruz Eusko Jaurlaritzak Estatuarekin lorturiko akordioak “segurtasun juridikoa” ematen du, baina Eusko Jaurlaritzak LOMCE legearen gainerako zatiei kontrako helegiteari eutsiko dio.

Hezkuntza sailburuak azalpenak eman ditu Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordearen aurrean, berak hala nahita, eta EH Bilduk eskatuta. Eusko Jaurlaritzak eta Estatuak aurreko hilabetean akordioa sinatu zuten LOMCE legearen hainbat zati Euskal Autonomia Erkidegoan ez aplikatzeko. Uriartek azaldu duenez, horri esker euskararen irakaskuntza bermatzeko gaitasunari eta eskola kontseiluen rol garrantzitsuari eutsiko zaie.

“Akordioak neurri batean izkin egiteko, eta orain arte lortutakoa salbatzeko eta babesteko balioko du”, gaineratu du. Dena den, Gobernua LOMCE legearen kontra dagoela nabarmendu du, hezkuntza alorreko eskumen historikoak errespetatzen ez dituelako, batasun sozial nahikorik ez duelako eta Gobernuaren “zentralizazio ariketa berri bat” delako.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak LOMCEren kontra Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegiteari eutsiko dio, legea Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu ez dadin.

Hala ere, Uriarteren azalpenek ez dituzte EH Bildu, PSE-EE eta PPko ordezkariak ase.

Belen Arrondo EH Bilduko ordezkariak ohartarazi duenez, akordio horrek dagoeneko gainditua beharko zukeen eredu linguistikoen eredua mantentzen du. Bestalde, Madrilek ezarritako neurriak “modu obedientean” aplikatzea leporatu dio Jaurlaritzari.

Isabel Celaa sozialistak garrantzia kendu dio akordioari, eta “intentsitate txikikoa” dela gaineratu du. Horren iritziz, 2012an Espainiako Gobernuak aurreratu zuen hizkuntza koofizialen kontua autonomia erkidegoen eskumena zela.

Bestalde, Iñaki Oyarzabal popularrak LOMCE legea bere osotasunean babestu du, eta, “hezkuntza legeak euskarari “eraso” egitea ukatu egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea