Gizartea -
Proba guztiak gainditu ditu
Teresa Romero sendatu egin da: eta orain zer?
Behin gaixotasuna gaindituta, zeintzuk dira Teresa Romerok eman beharko dituen hurrengo pausoak?
Erredakzioa
Teresa Romero erizaintzako laguntzaileak gainditu du dagoeneko ebola, bigarren proban ere negatibo eman baitu. Hemendik aurrera, zeintzuk dira eman beharreko pausoak?
Alta emango al diote?
Oraindik ez. Teresa Romero isolamendu egoeratik aterako dute, baina Carlos III Ospitalean jarraitu beharko du “kutsatu aurreko egoera” berreskuratu arte. “Errekuperazio osoa lortzeko denbora behar dugu”, adierazi dute medikuek. Ondoren, “bizitza normala” egin ahal izango du.
Ebola berriz izateko aukera
Birusa gainditzeak ez dio pazienteari immunitatea ematen eta, hortaz, berriro gaixotzeko aukera badago. Hala ere, aldea handia da, berriz kutsatuz gero gaixoak antigorputzak izango lituzkeelako eta, hortaz, birusa gainditzeko aukera gehiago.
Nancy Writebol estatubatuarrak ebola gainditzea lortu zuen. Science Magazine aldizkariari esandakoaren arabera, “Emory ospitaleko medikuak ez daude ziur immunitatea zenbat denborarako izango den, bigarrenez ebola izatekotan. Oraindik ez dute aztertu”.
Sekuelak
Gaixotasunak izan ditzakeen ondorioak pazientearen eta birusak organismoari egindako kalteen araberakoak izango direla nabarmendu dute medikuek. Teresa Romerok ez du oraindik “kutsatu aurreko egoera” berreskuratu eta errekuperatzeko egun batzuk beharko dituela azpimarratu dute.
Teresa Romeroren bilakaera “egunez egun” aztertuko dute. Aztertzen jarraituko dute, “behar izanez gero” berriro tratamendua emateko eta Romeroren osasun-egoera kontrolpean izateko.
Odol-ematea
Gutxi dira ebola gainditzen duten pertsonak. Askotan, gaixotasuna atzean utzi dutenei odola eskatzen zaie, beste gaixo batzuei serum moduan emateko.
Hala ere, metodo horrek ez du beti emaitza ona izaten. Horrez gain, eman ahal izateko, odol-mota berdina izan behar dute eta, askotan, horrek mugatu egiten du seruma jaso ahal duten gaixoen kopurua.
Kent Brantly ebola gainditu zuen medikuak ia 4 litro odol eman ditu dagoeneko, Melgar mojak bere egunean egin zuen bezala.
Teresa Romerok ere lagundu egingo du ebolaren aurkako borroka horretan, familiaren bozeramaileak aurreratu duenez.