Gizartea -

Galdakao (Bizkaia)

Ia mila lagunek gogorarazi dute Hodei Egiluz azken elkarretaratzean

Parte-hartzaileek hamar minutuko isilunea gorde dute elkarretaratzearen hasieran, Galdakaoko udaletxearen aurrean. Gaztearen guraso, senide eta lagunak ere izan dira bertan.

Azken elkarretaratzea Galdakaon (Bizkaia). Argazkia: EiTB
Azken elkarretaratzea Galdakaon (Bizkaia). Argazkia: EiTB
Hodei gogoratzeko azken elkarretaratzea egin dute Galdakaon

2:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ia mila lagunek Hodei Egiluz gogorarazteko azken elkarretaratzea egin dute gaur, Galdakaon (Bizkaia). 365 puxika askatu dituzte, gazteak desagerturik eman duen egun bakoitzeko bat. Galdakaoko gaztea 2013ko urriaren 19an desagertu zen, Anberesen (Belgika).

Parte-hartzaileek hamar minutuko isilunea gorde dute elkarretaratzearen hasieran, Galdakaoko udaletxearen aurrean. Hodeiren guraso, senide eta lagunak ere bertan izan dira, desagertuaren argazki handi baten alboan.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Ibon Uribe Galdakaoko alkatea, Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkide ohia eta Gonzalo Zorrilla Lequerica PPko batzarkidea, besteak beste, elkarretaratzean izan dira.

Olerkia

Stinjin Branken Anberesko olerkariak Hodeiri poema bat eskaini dio elkarretaratzean. “Atsekabez, baina irmotasunez” semea aurkitzeko “ahal izan duten guztia” egin dutela azaldu dute senitartekoek agiri batean. Nahiz eta ez topatu, itxaropena ez dutela galdu esan dute gurasoek.

Herriaren, erakundeen eta komunikabideen babesa eskertu du gaztearen familiak, eta Hodei gogorarazteko elkarretaratzeak bukatutzat eman dituzte gaurko ekitaldiarekin.

Galdakaoko bizilagunek semea sekula ez dutela ahaztu azpimarratu dute gurasoek, eta “bihotzeko txoko batean” beti eramango dutela goraipatu dute.

Ekitaldia Gari euskal abeslariak Hodei gogorarazteko egindako kantarekin bukatu da. Ehunka lagun hilero bildu dira Galdakaoko udaletxearen aurrean, Belgikako agintariei Hodei bilatzeko lanak bertan behera ez uztea eskatzeko.

Hodeiren oroimenez konposatutako olerkia Belgikako kaleetan banatuko du egileak, eta harri batean zizelkatuko dute bertan uzteko.

Bestalde, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak Espainiako poliziak bidaliko ditu Belgikara, gazte bizkaitarra bilatzeko lanetan laguntzeko. Polizia judizialak bidaliko omen dituzte bertara, ikerketan parte har dezaten. Fernandez Diaz ordu erdiz bildu da Galdakaoko gaztearen gurasoekin, Gasteizen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao albisteak Bizkaia Hodei Egiluz albisteak