Gizartea -
Hezur-muineko minbizia
Ortuellako neskato batek bi aste ditu emaile bat topatzeko
Jacqueline Contrerasek hezur-muineko transplantea behar du. Pertsona bateragarri batek hezur-muina emateko konpromisoa hartu zuen, baina “atzera egin” duela jakinarazi du adingabearen familiak.
Erredakzioa
Jacqueline Contrerasek hezur-muineko transplante bat “premiaz” behar duela zabaldu du neskatoaren familiak. Ortuellako (Bizkaia) adingabeak hezur-muineko minbizia du. Bost urteko neskatoak emaile bat aurkitzeko “oso denbora gutxi” duela azaldu dute senideek, egoerak okerrera egin duelako.
Pertsona bateragarri batek hezur-muina emateko konpromisoa hartu zuen, baina azken unean “atzera egin” duela gogorarazi du Justi Valdez neskatoaren izebak. “Horregatik, nola edo hala emaileak topatzea eskatu digute. Oso denbora gutxi dugu, bi aste soilik, hezur-muina emateko”, adierazi du.
Hezur-muina emateko ez dela ebakuntzarik behar azaldu du Justi Valezek. Printzipioz, emaileari odol azterketa bat egiten diote bateragarritasuna egiaztatzeko. Baterakidea izanez gero, odola aterako liokete. “Hiru ordutan etxean egongo litzateke. Hori da hezur-muina ematea eta bizitza salbatzea”, erantsi du.
Horren hitzetan, emaileak lortzeko “premiazko deialdia” egin dute senitartekoek. “Bi aste bakarrik ditugu. Jendeak boluntario egin edo Josep Carreras Fundaziora deitu behar du informazioa eskuratzeko”, adierazi du.
Horregatik, “laguntzeko prest daudenei” 900 32 33 34 telefonoa gogorarazi die neskatoaren izebak, baina 'Médula para Jaqueline' Facebook sare sozialeko atarira sartzeko aukera ere badutela gaineratu du.