Gizartea -
Urtebete desagertuta
Hodei Egiluz gogoan hartu du Deustuko Unibertsitateak
Unibertsitate honetako dozenaka ikaslek eta irakaslek hartu dute parte Anberesen desagertutako gaztearen omenezko elkarretaratze isilean.
Erredakzioa
Anberesen duela urtebete desagertu eta Deustuko Unibertsitateko ikasle ohia zen Hodei Egiluz gogoan hartu dute gaur ikasketa zentro honetan.
Deustuko Unibertsitateak gaztea omentzeko ekitaldia antolatu du gaur, desagertu zela urtebete bete denean. Ekitaldia 10:55ean hasi da, gaztearen irudia eta desagertuta daramatzan egunak erakusten zituen pankarta bat zabalduta.
Memoriaren plazan egin dute elkarretaratzea, eta unibertsitate honetako dozenaka ikasle eta irakasle bildu dira bertan 'Hodei gogoan hartzeko asmoz'.
Hamar minutu iraun duen kontzentrazioan, ikerketa zabalik mantentzeko eskatu dute, eta senitarteko eta lagunei babesa agertu diete.
Goizekoa ez da gaur desagertutako gaztearen omenez egingo den bakarra. Izan ere, desagertu zenetik Galdakaon hilero egin duten bezala, Hodei Bila plataformak elkarretaratzea deitu du iluntzerako. Gaurkoa, baina, azkena izango dela iragarri dute.
Bestalde, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa Hodeiren gurasoekin bilduko da, Gasteizen.