Gizartea -
Diputatuen Kongresua
Herritarren Segurtasun Legeak aurrera egin du, oposizioaren gainetik
Oposizio guztiak errefusatu du legea, "errepresioa" sustatzen duelako. Errekondok zildaia jarri du hitz egitea egokitu zaionean, eta "mucha policia, poca diversion" abestu du.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuaren Herritarren Segurtasun Lege berriaren izapideak abiatu dira gaur Diputatuen Kongresuan, eta proposamenak lehenengo koska gainditu du, PPren babesarekin, eta oposizio osoaren kontrako jarrerarekin. Izan ere, oposizioak dio "errepresioa" ahalbidetuko duela lege horrek, baina Jorge Fernandez Diaz Barne ministro espainiarraren arabera, testuak "berme guztiak" betetzen ditu.
Hori horrela, oposizioko taldeek bederatzi osoko zuzenketa aurkeztu dituzte, baina PPk gehiengo absolutua baliatu du denak atzera botatzeko.
Barne ministroaren arabera, 1992ko legea ordezkatuko duenak "errespetatu egiten du segurtasunaren eta askatasunaren arteko oreka", "berme guztiak" betetzen ditu, eta "tokia du ordenamendu juridikoan".
Horren aurrean, oposizioak gogor kritikatu du testua. Isabel Rodriguez diputatu sozialistak esan du "herritarren kontrako errepresiorako legea" izango dela, 1959ko lege frankistaren antzekoa. Gainera, legea "lotsagarria" eta "kaltegarria" dela, eta helburu bakarra herritarren protestak "jazartzea" dela azpimarratu du.
Banaka, oposizioko bozeramileek legea atzera botatzeko argudioak eman dituzte. Horren aurretik, ordea, Kongresuaren kanpoaldean Greenpeacek eta beste erakunde sozial batzuek protesta egin dute, Espainiako Poliziak kontzentrazioa desegin duen arte.
Xabier Mikel Errekondo Amaiurren bozeramailea izan da saioan protagonismo berezia izan duena; izan ere, legearen kontra agertu da, eta horretarako protestetan erabiltzen ari diren zildaia jarri du. Hori bakarrik ez, gero Eskorbutoren abesti bati erreferentzia eginez, "mucha policia, poca diversion" kantatu du, denen harridurarako.
Eztabaida gogor honetan, Feliu Guillaume CiUren ordezkaria izan da proiektuak alderdi positiboren bat zuela adierazi duen bakarra.