Gizartea -
Ebolaren aurkako protokoloa
Beste sei ospitaleratu ebolarekin lotuta, Espainiako Estatuan
Carlos III.era Romerorekin egon zen 68 pertsonetako bat, Barajasera dardarka iritsi zen nigeriar bat eta misiolari bat eraman dituzte. Kanarietan, berriz, beste hiru isolatu dituzte ospitalean.
Erredakzioa
Gaur beste sei pertsona ospitaleratu dituzte ebolarekin lotuta Espainiako Estatuan: hiru Carlos III.a ospitalean, eta beste hiru Kanarietan.
Madrilen Teresa Romerorekin egon zen 68 pertsonetako bat, Barajasera dardarka iritsi zen nigeriar bat eta misiolari bat eraman dituzte ospitalera.
Horixe jakinarazi du behintzat Fernando Simon Osasun Ministerioko arduradunak, eta Batzorde Bereziko kideak.
Adituak jakinarazi du Teresa Romeroren laguna izan dela gaur ospitaleratu duten lehenengoa, sukarra zuelako. Pertsona hori ez omen da osasun alorreko langilea, eta bere osasun egoera "ona" da.
Nigeriarra
Gero, Nigeriatik iritsitako bidaiari bat eraman dute Carlos III.a Ospitalera, Barajasen lur hartutakoan sukarra eta dardarak zituelako.
Bidaiaria Poliziak eta Guardia Zibilak eskoltatutako anbulantzia batean eraman dute aireportutik ospitalera, aerodromoan lehenengo mediku azterketa egin eta gero.
Nigeriako gaixoa zeraman hegazkinean 183 bidaiari zihoazen, eta lehenengo orduetan geldirik izan dituzte, aireportuko gune isolatu batean, protokoloak agintzen duen moduan.
Misiolaria
Azkenik, Liberian lanean ari den misiolari espainiar bat eraman dute ospitale madrildarrera. Izan ere, sukarra zuen, eta ebolaren ondorio ote den argitu nahi dute.
Misiolaria urriaren 11n iritsi zen Espainiako Estatura eta, sukarra atzeman ostean, Teresa Romero dagoen zentrora eraman dute, isolatu eta beharrezko azterketak egiteko.
Tenerife
Tenerifen ebolaren kontrako protokoloa abian jarrarazi duena gizonezko bat da, Gurutze Gorriarentzat Sierra Leonan lan egin duena. Gobernuz Kanpoko Erakunde horren arabera, gaixoak ebolarekin kutsatutako pertsonak artatu ditu Afrikan. Kenema hirian ebola tratatzeko antolatutako ospitalean egiten zuen lan, hain zuzen ere, eta Kanarietara iritsi zenetik zegoen zaintzapean. Azkenean, sukarra zuenez, ospitaleratzea erabaki dute.
Gainera, Osasun Kontseilaritzak gizon horrekin harremanetan egon diren beste bi pertsona ospitaleratu ditu, nahiz eta ez duten sintomarik.