Gizartea -
LOMCE legea
Milaka lagunek parte hartu dute LOMCEren aurkako manifestazioetan
Manifestariek Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kaleak zeharkatu dituzte. LOMCEri ezetz esateaz gain, hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dute.
Erredakzioa
Milaka lagunek parte hartu dute LOMCE legearen kontra Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan larunbat honetan egin diren manifestazioetan. Gainera, hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dute.
Manifestariek,"Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki, LOMCEri ez" lemapean, Bilbo, Donostia, Iruña eta Gasteizko kaleak zeharkatu dituzte.
Deitzaileek nabarmendu dutenez, hezkuntza komunitateaz gain euskal gizarteak ere argi utzi du hezkuntza lege berriaren "aplikazioaren eta inposaketaren" kontra dagoela. Hala, hezkuntza eredu propioa aldarrikatu dute, "irekia, parte-hartzailea, euskalduna eta inposatu gabea" izango dena.
"Argi utzi nahi dugu guri ez digula balio LOMCE legea % 90ean edo % 50ean aplikatzea. Gure planteamendua argia da, eta ez dugu LOMCE legea aplikatzerik nahi. Horren ordez, herri honek bere hezkuntza eredu propioa eraikitzeko pausoak ematea eta eraikuntza horretan guztiok parte hartzea nahi dugu", gaineratu dute.
Bestalde, herri eta auzoetan LOMCE legearen kontrako plataformak sortzen ari direla adierazi dute, baina oraindik egiteko asko dagoela nabarmendu dute.
Iruñean LOMCE legearen kontrako aldarriez gain, Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariaren aurkako salaketak egin dituzte. Hezkuntza komunitatearen izenean Antxon Ibarberiak hitz egin du eta eta Hezkuntza kontseilaria kritikatu du "D ereduaren kontrako sorgin ehiza" gidatzeagatik eta Hezkuntza Ministerioaren erreforma onartzeagatik. Hala, euskara kriminalizatu nahi izatea eta hezkuntza komunitate bakoitzari erabili nahi dituen liburuak aukeratzen ez uztea leporatu dio.