Gizartea -

Ebola

Teresa Romero ebolaz kutsatutako erizaina 'oso larri' dago

Elvira Gonzalez SAE sindikatuko idazkariak azaldu duenez, pazientea "larri eta intubaturik dago, eta akats multiorganikoak ditu". Hala ere, Carlos III ospitaleko iturriek informazioa gezurtatu dute.

Jose Ramonek, Teresa Romeroren nebak, eman du berria. EFE
Jose Ramon Romero. EFE
Teresa Romeroren neba ezkor agertu da, 'itxaropen handirik' gabe

1:56

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Teresa Romero erizain laguntzailearen egoerak okerrera egin du azken orduetan eta "oso larri" dago, Javier Rodriguez Madrilgo Osasun kontseilariak jakinarazi duenez. Egunean zehar pazientearen egoerak nabarmen okerrera egin du.

Elvira Gonzalez SAE sindikatuko idazkariak azaldu duenez, pazientea "larri eta intubaturik dago, eta akats multiorganikoak ditu". Hala ere, Carlos III ospitaleko iturriek informazioa gezurtatu dute.

Albiste txarrak

Datu kontrajarriak izan dira azken orduetan Teresa Romeroren osasun egoeraren harira. Ignacio Gonzalez Madrilgo Erkidegoko presidenteak goizean adierazi duenez, gaixoak "hobera" egin du. Dena dela, handik ordu gutxira, kontrakoa esan du Romeroren nebak eta berria baieztatzera atera behar izan da erietxeko zuzendaritza.

Ospitalearen kanpoaldean egindako agerraldi labur batean, Romeroren egoeraren xehetasunik emateko baimenik ez duela adierazi du Yolanda Fuentes Carlos III erietxeko zuzendariordeak baina, "okerrera" egin duela baieztatu du. "Informazio gehiago ematea galarazi digu, eta bere borondatea errespetatu behar dugu", erantsi du.

Baieztapen ofiziala heldu baino lehen mintzatu da Jose Ramon Romero, ebolaz kutsatutako erizain laguntzailearen neba. La Sexta telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, arrebak arnasteko arazoak ditu eta hodia sartu behar izan diote. 14 mediku ari dira erizain laguntzailea artatzen, eta gaixoaren nebak jakinarazi duenez, beste botika bat emango diote.

V Televisión katean egindako elkarrizketa batean, bestetik, Teresaren nebak esan du ez dutela itxaropen handirik. "Itxaropenik? Ezinezkoa ez da, baina medikuak esan dit ez dagoela itxaropen handirik, egoera oso zaila dela", adierazi du.

Bestalde, ospitaleratu baino lehen erizainak 38,6 graduko sukarra izan ez zuenik zalantzan jarri eta gero, "inor kriminalizatu" nahi ez duela adierazi du gaur Javier Rodriguez Madrilgo Osasun kontseilariak.

"Ez dut inor kriminalizatu nahi, gertakariak azaldu ditut, egia ala gezurra izango dira, baina kontrakoa frogatu ezean horrela gertatu zen", esan du Rodriguezek Madrilgo Asanbladan.

Romerori, haren senitartekoei eta osasun-langile guztiei barkamena eskatzeko eskatu dio Maru Menendez PSMko diputatuak Osasun kontseilariairi.

14 lagun ospitalean

14 pertsona La Paz-Carlos III ospitalean daude; izan ere, azken orduetan zazpi lagun gehiago ospitaleratu dituzte, besteak beste, ebola duen erizain laguntzailea depilatu zuten bi ile-apaintzaileak. Gainera, Manuel Garcia Viejo misiolaria artatu zuen erizain batek alta jaso du.

Teresari ilea kendu zioten bi ile-apaintzaileak, mediku bat, bi erizain, zelari bat eta erizain ikuskatzaile bat ospitaleratu dituzte azken orduetan. Hala ere, ez dute sintomarik.

Zazpi pertsona horiek arrisku handiko kontaktuen zaintzarako solairuan sartu dituzte, nahiz eta sintomarik ez azaldu. Gainera, birusaren proban negatibo eman eta gero, alta jaso du Garcia Viejo artatu zuen erizainetako batek.

Bitartean, Garcia Viejo artatu zuen beste erizain bat bigarren probaren emaitzaren zain dago, aurrenekoan negatibo eman eta gero. Bestalde, osasun-langileak beste 12 lagun ikuskatzen ari dira.

Javier Limon ebolaz kutsatutako erizainaren senarrak ospitalean jarraitzen du, baita Alcorconeko ospitalearen larrialdi zerbitzuko sendagilea eta osasun zentroko medikua ere. Era berean, Summako osasun-langile bat eta Carlos III ospitaleko mediku bat ikuskatzen ari dira, biek Romero artatu dutelako.

Ebola Carlos III pazienteak efe

Osasun-langileak laugarren solairuko pazienteak lekualdatzen. Argazkia: EFE

Ospitaleko laugarren solairua hustu dute. Ebolarekin lotutako pazienteak artatzen ari diren profesionalei lekua uzteko egin dute, zentroak jakitera eman duenez.

Horrela, solairuan zeuden pertsona batzuek alta jaso dute eta beste batzuk ospitaleko beste eraikinetara lekualdatu dituzte: La Paz eta Cantoblanco. Guztira, 18 paziente zeuden laugarren solairuan.

Protokoloan, akatsak

Alcorconeko (Madril) Ospitalean ebola duen erizaina artatu zuen medikuak segurtasun protokoloan hainbat akats izan zirela salatu du, bere nagusiei igorritako eta gaur hedabideek publikatutako gutun batean.

Sendagileak 16 orduz artatu zuen erizaina, ebola proba egin baino lehen.

Horren esanetan, eman zioten segurtasun jantziaren besoak "motz" geratzen zitzaizkion. Gainera, ebola proban erizainak positibo eman zuela hedabideen bitartez jakin zuela gaineratu du.

Medikua bakartu egin zuten atzo arratsaldean Carlos III.a Ospitalean. Bere kabuz joan zen atzo osasun zentro horretara, badaezpada, birusarekin harreman zuzena izan baitu. Dena dela, ez du sintomarik, eta, beraz, nahiz eta ebola eduki, ezingo luke birusa transmititu.

Gizonezkoak azaldu duenez, bera izan zen Alcorconeko Ospitalean erizaina artatu zuen mediku bakarra, eta gelara "erizainekin batera" baino ez zen sartzen.

Agintarien akatsak

Agintariek akats zerrenda luzea egin dute ebolaren kudeaketan. Adibidez, sei egun pasatu ziren ebola duen erizaina bakartu zuten arte, eta osasun langileek prestakuntzarik eman ez dietela salatu dute azken egunetan.

Atzo, erizainak aitortu egin zuen eskularruekin aurpegia ukitu zuela, eta balitekeela hala kutsatu izana. Osasun langileek norbaitek lagunduta kendu behar dute segurtasun jantzia, baina erizaina bakarrik zegoen. Beste akats bat protokoloan, baina ez azkena.

Horren ildotik, El Pais egunkariak jakinarazi duenez, Madrilgo Osasun Kontseilaritzak entzungor egin zien erizaina etxetik Alcorconeko Ospitalera eraman zuten andazainei. Emakumezkoak ebolaz hil ziren elizgizonak artatu zituela eta bera ere kutsatuta dagoela uste duela esan zien, eta horiek agintariak ohartarazi zituzten, baina osasun administrazioak ez zien jaramonik egin.

Anbulantziak ospitalera eraman zuen azkenean emakumea, segurtasun neurri egokiak ez zituen arren. Are gehiago, ebola duen emakumea osasun zentroan utzi eta gero, gaixoak garraitzen jarraitu zuen.

Erizainen lan poltsa

Kutsatutako erizaina eta ebola kasu posible guztiak artatzeko soilik zazpi lagun lanean aritzea deitoratu du Manuel Torres CSI-F sindikatuko ordezkariak. Zentzu horretan, Miguel Pajares elizgizona dozena bat langilek artatu zutela gogorarazi du Torresek.

"Orain boluntario gutxi gaude. Ondorioz, poltsa bat sortu dute. Carlos III ospitalean lanean ari diren pertsonak gutxiago dira orain. Lan egiteko jende gutxiago dugu murrizketen ondorioz. Aurreneko ebola kasuan La Pazeko ZIUren lankideen laguntza izan genuen, orain La Pazeko erizainak, ostera, ez dira agertu. Erizainen lan poltsatik langileak kontratatu dituzte baliabideen eskasiari aurre egiteko", ziurtatu du Torresek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia albisteak Ebola gaitza Madril Erizaintza gaur