Gizartea -
Tren istripua
Alvia trenaren gidaria auziko inputatu bakarra da berriro
Garzon berriz auzipetu bakarra izatea "lotsagarria" dela adierazi du makinistaren abokatuak. Era berean, ezbeharraren biktimek Adifeko kargudunak aske uztea ez dute ulertzen.
Erredakzioa
2013an, Santiagon, errailetik irten eta istripua izan zuen Alvia trenaren gidaria auziko inputatu bakarra da berriro; izan ere, Coruñako Lurralde-auzitegiak Fiskaltzaren eta Estatuko Abokatutzaren helegiteak onartu ditu, iturri judizialek jakitera eman dutenez. Horrela, Adifeko 12 kargudun ohien inputazioak atzera bota ditu Lurralde-auzitegiak.
2011n Santiago eta Ourense lotzen dituen linea martxan jarri zenean 12 pertsona horiek Adifeko arduradunak ziren. Madril-Ferrol ibilbidea betetzen ari zen trenak linea horretan izan zuen ezbeharra. Hala ere, kargudunek ez zuten Luis Alaez epailearen aurrean deklaratu iragan maiatzean.
Lurralde-Auzitegiak Fiskaltzaren eta Estatuko Abokatutzaren helegiteak oraindik ebatzi ez zituela eta abokatuek sumarioa irakurtzeko astirik izan ez zutela argudiatu zuten guztiek ez deklaratzeko.
Honenbestez, Francisco Jose Garzon Amo makinista inputatu bakarra da berriro une honetan. Lehenago, Adifeko administrazio kontseiluko kideak eta segurtasuneko bost teknikari aske utzi zituen Coruñako Lurralde-auzitegiak.
"Lotsagarria"
Francisco Jose Garzon Amo berriz auzipetu bakarra izatea "lotsagarria" dela adierazi du Manuel Prieto tren gidariaren abokatuak. Era berean, ezbeharraren biktimek Adifeko kargudunak aske uztea ez dute ulertzen.
Istripu larria Santiagoko Angrois auzoan gertatu zen 2013ko uztailaren 24an, Galiziako Egunaren bezperan.