Gizartea -
Ebola
Mato: 'Osasun sistema prest dago ebolari aurre egiteko'
Mariano Rajoyren esanetan, "adi" egon beharra dago, baina "lasaitasunari eutsi" behar zaio.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ebolarekin "adi" egon beharra dagoela ohartarazi du, baina "lasaitasunari eutsi" behar zaiola gaineratu du.
Agintariak hizpide hartu du ebolaz kutsatu den erizain espainiarraren kasua, Diputatuen Kongresuan, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiaren galdera bati erantzunda.
Rajoyk osasun langileei "lan egiten uztea" eskatu du, "ospe bermatua" dutelako. "Espainiako osasun sistema munduko onenetakoa da", goratu du.
Agintariak aitortu du herritarrak "kezkatuta" daudela ebolaren aurrean, baina birusaren transmisioa "ez da erraza", nabarmendu du, eta horretarako sintoma argiak dituen gaixo batekin kontaktu zuzena izan behar dela zehaztu du.
"Kontrolpean duzu ebolaren egoera? Espainiarrak ez daudela arriskuan berma dezakezu?", galdetu dio Sanchezek Rajoyri.
Espainiako gobernuburuak erakundeen artean (Espainiako eta Madrilgo Erkidegoko gobernuak eta Europar Batasuna) koordinazioa izateko batzorde bat sortu dutela erantzun du.
Horren esanetan, gainera, lehen helburua "ebola duten pertsona guztiak artatzea da", baina une honetan kasu bakarra dago.
Sanchezek adierazi duenez, "PSOEk ez du zalantzarik sortuko iritzi publikoan". "Denbora izango dugu kasu larri honen erantzukizun politikoak zehazteko; egon badaudelako, eta oso larriak dira", gaineratu du. Nolanahi ere, informazio "argia eta ziurra" ematea eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Mato: "Espainia prest dago"
Ana Mato Espainiako Gobernuko Osasun ministroak osasun langileengan "konfiantza" izateko deia egin du, eta osasun sistema ebolari aurre egiteko "prest" dagoela nabarmendu du.
Horren hitzetan, Espainiako Gobernua "herritarren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ari da", eta informazioa hedabideen bitartez "egunero" emango dutela aurreratu du.