Gizartea -
Pandemia
Espainiako erizain bat, Europan ebolaz kutsatu den lehen pertsona
Gaixoak Manuel Garcia Viejo misiolaria artatu zuen Madrilgo Carlos III ospitalean. La Paz ospitaleko beste erizain bat aztertzen ari dira orain. Ebolaren proba egin diote eta emaitzen zain daude.
Erredakzioa
Manuel Garcia Viejo misiolaria Madrilgo Carlos III ospitalean artatu zuen erizain batek ebola du. Garcia Viejo irailaren 25ean hil zen ebolak jota. Emakumeak positibo eman du lehen azterketan, eta baita bigarrenean ere.
Osasun zerbitzuetako iturriek baieztatu dutenez, krisi kabinetea deitu dute Espainiako aurreneko kutsatzea aztertzeko. Emakumea Alcorconeko (Madril) ospitalean dagoela jakitera eman dute.
Alcorconeko ospitaleko iturriek jakinarazi dutenez, pazientea gaur goizean ospitaleratu dute birusaren sintoma posibleekin.
Segurtasun protokoloa berehala martxan jarri dutela erantsi dute iturriek.
Carlos III ospitaleak dagoeneko bi ebola kasu artatu ditu. Miguel Pajares eta Manuel Garcia Viejo misiolariak Afrikatik ekarri zituzten birusarekin kutsatuta. Bi elizgizonak zoritxarrez hil egin ziren.
Garcia Viejo hil eta egun bat geroago oporrak hartu zituen emakumeak. Bost egun geroago lehen sintomak azaldu ziren: sukarra eta ahulezia.
"Lasaitasuna"
Ana Mato Osasun ministroak aurreneko kutsatzea baieztatu du. "Kutsaduraren iturria" bilatzen ari direla azaldu du Matok, eta kasu gehiago saihesteko segurtasun "neurri guztiak" hartzen ari direla ziurtatu du.
Osasun Ministerioan emandako prentsaurrekoan, herritarrei "lasaitasun mezu" bat eman nahi izan die ministroak. Espainiak egoerari aurre egiteko profesionalak eta mekanismoak dituela ziurtatu du.
Ana Mato Osasun ministroa. Argazkia: EFE
Osasun arduradunen "erabateko koordinazioa" goraipatu du Matok. Protokolo guztiak jarraitzen ari direla bermatu du agintariak. Baliabide guztiak medikuen esku jarriko dituztela erantsi du.
Espainiak Munduko Osasun Erakundearen gomendioak jarraitzen dituela azaldu du ministroak. Profesionalen eta biztanleriaren segurtasuna bermatzeko lanean ari direla gaineratu du.
Zaintza
Horrela, erizainaren senarrari eta igandean pazientea artatu zuten Summako hiru profesionalei birusaren aurkako prebentzio protokoloa aplikatzen ari zaie. Era berean, Carlos III ospitaleko 30 langileri aplikatzen ari zaie; izan ere, guztiek hildako elizgizonak artatu zituzten.
Madrilgo Lehen Arretaren zuzendari nagusiak zehaztu duenez, igandean emakumea artatu zuten larrialdi zerbitzuko medikuari eta bi teknikariei egunero bi aldiz tenperatura hartuko diete datozen 21 egunetan.
Beste kasu posible bat
La Paz ospitaleko erizain bat aztertzen ari dira susmagarria delako, osasun iturriek jakitera eman dutenez.
061 zenbakiari abisua eman dio pazienteak arratsaldean. Sukar handia du eta La Paz ospitalera eraman dute. Ebolaren proba egin diote eta emaitzen zain daude.
Xehetasun gehiagorik ez dute eman eta hildako elizgizonekin kontaktuan egon ote zen ez dute zehaztu.