Gizartea -

Alde biko akordioa

LOMCEren akordioa gorabehera, Jaurlaritzak ez du helegitea kenduko

Cristina Uriarteren esanetan, Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak erdietsitako hitzarmena "oso garrantzitsua" da.

Cristina Uriarte sailburua, eskola umeekin.
Cristina Uriarte.
Jaurlaritzak ez du LOMCEaren aurkako errekurtsoa kenduko

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren ustez, LOMCEren kontura Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak lortutako "alde bateko akordioa oso garrantzitsua" da. Dena dela, ez dute Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegitea erretiratuko.

Bi aldeek adostutakoaren arabera, LOMCE hezkuntzaren erreforma ez dute euskararen eta Eskola Kontseiluen arloetan ezarriko Euskadin. Akordioa gaur publikatu dute Estatuko eta EAEko aldizkari ofizialetan.

Donostian egindako adierazpenetan, akordioa "lorpena" dela esan du Uriartek, eta "oso garrantzitsua" dela azpimarratu. Nolanahi ere, LOMCEren aurka hasitako bideari eutsiko diola nabarmendu du Hezkuntza sailburuak, eta, hala, Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako errekurtsoa ez dutela erretiratuko iragarri du.

"Gure hezkuntza sistema defendatuko dugula esan dugu beti, eta horretarako eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditugula. Akordioaren bila gabiltza beti, eta, horren harian, oso garrantzitsua da gaur emandako pausoa", esan du Uriartek. "Alde bateko akordioa da, baina ezer ez edukitzea baino gehiago da", erantsi du sailburuak.

Agerraldian azaldu duenez, hitzarmenari esker, Euskadin ez dira LOMCEren 38. eta 39. xedapenak aplikatuko. Horrez gain, "Eskola Kontseiluaren eta zentroetako zuzendaritzaren arteko harremanak hemen arautuko ditugu", argitu du Uriartek

Sailburuaren ustez, LOMCE legea "zentralizatzailea da oso, guri dagozkigun eskumenak arautzen ditu, baina lortutako akordioa garrantzitsua da, kezka handia zegoelako hizkuntza ofizialen tratamenduan eta Eskola Kontseiluen auzian, orain arte izan duten pisua ezerezean uzten zuelako".

Euskararen inguruko akordioa

LOMCEren arabera, gaztelaniak eta hizkuntza koofizialek (euskara, kasu) "zentzuzko proportzioa" izan behar dute hezkuntza sisteman. Gainera, erreformak esku hartzeko gaitasuna ematen dio Estatuari, puntu hori ez dela bermatzen uste badu.

Orain, baina, Estatuak ezingo du EAEko hezkuntzan eskurik hartu, aitortu egin baitu EAEn bi hizkuntzak bermatuta daudela.

Eskola Kontseiluak

Eskola Kontseiluei dagokienez, LOMCEk erabakitzeko ahalmena ukatzen zien, eta proposamen-organo bihurtzen zituen, baina Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak lortutako akordioak aitortu egin du hezkuntza administrazioei dagokiela Eskola Kontseiluaren eta zentroetako zuzendaritzaren arteko harremanak arautzea.

EH Bildu: 'Itxurakeria da'

Iragarritako akordio horren inguruan "itxurakerian aritzea" egotzi dio EH Bilduk Jaurlaritzari, Euskal Autonomia Erkidegoan"LOMCEa indarrean" dagoela argudiatuz.

Espainiako Gobernuarekin adostutakoa egungo hizkuntza ereduak mantentzea besterik ez duela ekarriko gaineratu du koalizioak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza albisteak Espainiako Gobernua argazkiak