Gizartea -

Bilbo, Bizkaia

Hiru autobus kiskali dira Zorrotzako garaje batean

Ertzaintza sua zerk eragin duen ikertzen ari da eta momentuz hipotesi guztiak zabalik daude. Diputazioa, Jaurlaritza eta EH Bildu kontra azaldu dira.

Sute batek Bizkaibus konpainiako hiru autobus guztiz hondatu ditu

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaibuseko hiru autobus kiskali dira Zorrotzako-Bilbo, Bizkaia- autobus garaje batean, hodei beltz handi bat eraginda.

Oraindik ezezagunak ez diren arrazoiak direla medio, autobusak su hartu du gaur, larunbata, 15:30ak aldera. Su garrek ondoan zeuden beste bi ibilgailu erre dituzte, baina ez da zauriturik izan.

Inguruetan Gudari Eguneko panfletoak aurkitu dituzte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez. Dena den, Ertzaintzak jakinarazi du hipotesi guztiak zabalik daudela eta sua zerk eragin duen aztertzen ari direla.

Kalte materialak 900.000 euro ingurukoak izan daitezke, izan ere, autobus bakoitzak 300.000 euroko balioa du, Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera.

Diputazioa eta Jaurlaritza, kontra

Eusko Jaurlaritza hiru autobusekin gertatutakoaren kontra azaldu da eta, zantzu guztien arabera nahita eragindakoa izan dela esan ostean, gertakariak "gaitzesteko eta deitoratzeko gizartearen nahia" denek betetzea espero duela esan du.

Jaurlaritzaren arabera, "begizko azterketa eta ikerketa sakonagoa egitea falta bada ere" zantzu guztien arabera "nahita eragindako delitua" izan da.

Bestalde, Bizkaiko Diputazioaren esanetan, eragindako kalteak 900.000 euroko kostua izango du, hiru autobus artikulatu direlako; unibertsitaterako ibilbidea egiten zuten eta "erabilitako ibilgailu garestienetakoak dira".

Horren ildotik, aipatutako iturriek gertatutakoa penagarritzat jo dute, baina Bizkaibusen zerbitzuak etenik ez duela izango azpimarratu du.

EH Bildu

Oskar Martute EH Bilduko legebiltzarkideak koalizioak edozein ekintza "arbuiatu" egiten duela adierazi du, bere ustez, "bakearen arerioak indartzen" dituzte ekintzok.

Matuteren esanetan, horren moduko ekintzek, "azkenik baieztatzen badute nahita eraginda izan dela, bakea nahi ez dutenen agenda egonkortu baino ez dute egiten, alegia, amaierarik gabeko gatazkan bizi nahi dutenei eta euskal gizarteak gatazka konpontzeko eskatzen dituen neurriei jaramonik egiten ez dietenei".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barakaldo Suteak bideoak