Gizartea -
Fiskaltzaren txostena
Salatutako delituen kopuruak behera egin du Euskadin
Dena den, krisi ekonomikoarekin zerikusia duten delituek gora egin dute, Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiaren arabera.
Erredakzioa
Salatutako delituen kopuruak behera egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2013. urtean. Dena den, ondarearen kontrako delituek, sexu-erasoek, kaudimen-gabezia kasuek eta argindarrarekin loturiko iruzurrek gora egin dute.
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak Fiskaltzaren 2013ko memoria aurkeztu du asteazken honetan Bilbon. Azaldu duenez, oro har, salatutako delitu kopurua jaitsi egin da, izan ere, 2012an 115.500 izapide ireki ziren eta iaz 124.800, % 7,5 gutxiago. Dena den, elikadura pentsioa ez ordaintzeagatik egindako lege hausteak % 44,51 hazi dira, eta horrek harreman zuzena izan lezake krisi ekonomikoarekin Calparsororen arabera.
Kaudimen gabezia kasuen eta argindarrarekin egindako iruzurren gorakadaren atzean ere krisi ekonomikoa dagoela uste du EAEko fiskal nagusiak. 2012an argindar sarera legez kanpoko konexioak egiteagatik 18 salaketa zenbatu zituzten eta, 2013an, 79.
Adin txikikoen kontrako prozesuak % 3,7 hazi dira, eta bereziki gora egin dute beste adingabeen kontrako jazarpen kasuek, izan eskolan edo sarean. Dena den, genero indarkeriagatik edota gurasoei eraso egiteagatik jarritako salaketa kopurua jaitsi egin da. Calparsoro kezkatuta agertu da 14 urtetik beherakoek egindako delituengatik 227 izapide zabaldu direlako 2013an. Kasu horiek Diputazioen esku uzten ditu Fiskaltzak, adin horretan nerabeek ez baitute erantzukizun penalik.
Bestalde, ondarearen kontrako delitu larrienak Araban eta Bizkaian hazi egin dira, baina jaitsi Gipuzkoan.