Gizartea -

Herri-epaimahaiaren erabakia

Amagoia Elezkanoren ustezko hiltzailea erruduntzat jo du epaimahaiak

Hilketaren erruduna dela adierazi dute epaimahaiko zortzi kidek. Kide bakarrak eman du kontrako botoa. Epaia datorren astean emango du jakitera epaileak.

Epaiketa. Artxiboko irudia: EFE
Epaiketa. Artxiboko irudia: EFE
Epaiketa. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Javier M.N. hilketaren erruduna dela erabaki du gaur herri-epaimahaiak. Hiltzaileak 2013ko maiatzaren 23an, goizaldean, Amagoia Elezkano bikotekidea sastakatu eta hil zuen Laudion (Araba).

Herri-epaimahaia bederatzi lagunek osatzen dute, eta arratsaldean eman dute jakitera erabakia. Arabako Lurralde Auzitegiko epaileak epaimahaiaren erabakia oinarritzat hartuko du epaia emateko.

Amagoia Elezkano (27 urte) Orozkokoa (Bizkaia) zen, baina Laudion bizi zen. 17 zentimetroko labana batekin hil zuen erasotzaileak, 42 labankada emanda.

Ahozko epaiketaren aurreneko egunean, bikotekidea "zelo haserrealdi" batean hil zuela aitortu zuen akusatuak, beste gizon batekin harremana zuelako eta bien semea eraman nahi zuelako. Semeak 18 hilabete zituen hilketa gertatu zenean.

"Gehiegizko sufrimendua"

Auzipetuak Amagoia Elezkano "nahita" hil zuela frogatutzat jo du epaimahaiak epaiketan. Auzipetuak "Amagoia Elezkanoren defentsa eragozteko baliabide eta baldintza guztiak" zituela azaldu du herri-epaimahaiak. Gainera, hiltzaileak "gehiegizko sufrimendua nahita eragin" ziola azpimarratu dute epaian.

Hilketaren erruduna dela adierazi dute epaimahaiko zortzi kidek. Kide bakarrak eman du kontrako botoa.

20-25 urte

Erabakiaren berri izan eta gero, epaiketan eskatutako 25 urteko espetxe-zigorra berretsi dute Fiskaltzak, Estatuko Abokatutzak, akusazio partikularrak eta herri-akusazioak.

Bestalde, erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela iragarri du akusatuaren abokatuak. Hilketa delitu batengatik aurreikusitako gutxieneko zigorra aplikatzeko eskatu dio defentsak epaileari, hau da, 20 urteko kartzela-zigorra.

Epaia datorren astean emango du jakitera epaileak, iturri judizialek baieztatu dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur