Gizartea -
Arrazakeria
Maroto eta De Andres auzitara eramango dituzte, atzera egin ezean
Sos Arrazakeria eta Ongi Etorri plataformak legez kanpo finantzatzen eta iruzurra egiten ari direla uste badute, Fiskaltzan salaketa jartzera animatu dituzte.
Erredakzioa
Javier Maroto Gasteizko alkateak eta Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak etorkinen inguruan esandakoa zuzentzen ez badute, auzitara eramango dituztela berretsi dute Arabako Sos Arrazakeria Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta Ongi Etorri plataformak. Etorkinen eskubideak babesten dituen Gobernuz Kanpoko Erakundea "laguntza sozialak sakeatzen aditua" dela ere adierazi zuten aipaturiko bi agintariek.
Gaur kaleratutako ohar batean, Gobernuz Kanpoko Erakundea legez kanpo finantzatzen eta iruzurra egiten ari dela uste badute Fiskaltzan salaketa jartzera animatu ditu Sos Arrazakeriak eta Ongi Etorrik Maroto eta De Andres.
Serioak eta arduratsuak izateko deiaren ondotik, herritar hutsak baino Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala behin-behinean zuzentzeko demokratikoki aukeratutako kargudunak direla gogoratu diete. Horien ustez, beren "faltsukeria, gezur eta manipulazioek min egiten diote aspaldidanik jarrera defentsiboan dagoen testuinguru sozialari".
Bestalde, "sentsibilitate handiko gai honek ustez dituen kosteen estimazioak egiten ari dira. Espekulazioak baino ez dira eta egiten dituenaren interesekoak dira, hauteskundeetan onuraren bat aterako dutelakoan".
Salatu dutenez, hemen gertatzen denaren errua azken ilaran daudenei leporatzen zaie beti: etorkinak, ijitoak, langabetuak, etxerik gabekoak, Gobernuz Kanpoko Erakundeak, mugimendu sozialak eta gainerakoak.
Zuhurtziaz jokatzeko deia egin diete Marotori eta De Andresi, eta gainera egindako baieztapen eta salaketa xenofobo eta arrazistak zuzentzeko eta barkamena eskatzeko eskaera egin diete. "Gaur arte ez dute horrelakorik egin. Ez dugu uste egingo dutenik, eta hori dela eta, neurriak hartuko ditugu", gaineratu dute.