Gizartea -
Legionella agerraldia
23 pertsona legionellaz kutsatu dira Sabadellen
Horietatik, bi hil egin dira, eta 18 ospitalean daude. Agerraldiaren iturria hozte dorre bat izan liteke.
Erredakzioa
Sabadelleko (Bartzelona) Parc Tauli Ospitaleak beste legionella kasu bat atzeman du gaur goizean, eta, horrenbestez, dagoeneko 23 dira orotara kutsatutakoak. Horietatik, bi hil egin dira, 18 ospitalean daude, eta beste hiru etxera joan dira jada.
Antoni Mateu Kataluniako Generalitateko Osasun idazkariaren esanetan, hozte dorre bat izan liteke legionella agerraldiaren iturria. Dagoeneko 21 azpiegitura eta 38 dorre garbitu dituzte.
Mateuk ukatu egin du legionella agerraldi honek hiru pertsona hil izana, eta hirugarrena udan hil zela zehaztu du, beste leku batean.
Baliteke hurrengo egunetan pertsona gehiago kutsatzea, aipatu hozte dorreak gaur arte egon baitira funtzionatzen.