Gizartea -

Indarkeria matxista

Elezkano 'jeloskor eta haserre' zegoelako hil zuela esan du akusatuak

"Harremana utzi nahi zuen eta horrek min handia eman zidan. Ezin izan nuen egoera kontrolatu eta hiltzea ez nuen saihestu", onartu du Francisco Javier M.N. akusatuak epaiketaren aurreneko saioan.

Amagoia Elezkanoren ustezko hiltzailea, Ertzaintzak lagunduta, iaz. EFE
Amagoia Elezkanoren ustezko hiltzailea, Ertzaintzak lagunduta, iaz. EFE
Amagoia Elezkanoren ustezko hiltzailea, Ertzaintzak lagunduta, iaz. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaia Elezkano "haserrealdi" batean eta "jeloskor" zegoelako hil zuela aitortu du gaur Francisco Javier M.N. biktimaren bikotekideak. Beste gizon batetaz maitemindu zela esan omen zion Elezkanok hiltzaileari. Hilketa 2013ko maiatzean gertatu zen.

"Harremana utzi nahi zuen eta horrek min handia eman zidan. Ezin izan nuen egoera kontrolatu eta hiltzea ez nuen saihestu", onartu du 50 urteko gizonak epaiketaren aurreneko saioan. Herri-epaimahai batekin gaur hasi da epaiketa, Arabako Probintzia Auzitegian.

Bikotekideari lo zegoenean eraso egin zionik ukatu du hiltzaileak, nahiz eta akusazioek kontrakoa argudiatu. Akusatuak azaldu duenez, Amagoia Elezkanok harremana bukatzeko erabakia hartu zuen eta eztabaida orduan hasi zen.

Beste pertsona batetaz "maitemindu" zela aitortu zion biktimak astebete lehenago, Francisco Javier M.N.k erantsi duenez.

"Pertsona sentibera naiz; ariman min eman zidan", adierazi du. "Pasio-haserrealdi" batean bikotekideari eraso egitea "saihestu" ezin izan zuela onartu du. "Kontrola galdu nuen", gaineratu du.

Defentsak, bi urteko kartzela-zigorra

Amaia Elezkano labankadaz hil zuen akusatuaren defentsak bi urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du, giza hilketa ez dela ulertuta, azpikeriaz eta ankerkeriaz egin ez zuelako. Halaber, aitortu duenez aringarria aplikatu behar zaiola esan, eta "pasiozko haserrealdi" batean egin zuela adierazi du.

Arabako Probintzia Auzitegiak hildakoaren bikotekidearen kontrako epaiketa abiarazi du Amagoia Elezkanoren heriotza -2013ko maiatzaren 23an- argitzeko.

Goizeko saioan, epaimahaia aukeratu dute, eta akusazioaren eta defentsaren idazkiak irakurri dituzte.

Arabako Lurralde Auzitegiak gaur abiatu du Amagoia Elezkanoren hilketa argitzeko epaiketa.

Akusazioak, 25 urteko espetxe-zigorra

Bestalde, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak (Orozkoko Udala, Amagoia bertakoa baitzen) 25 urteko espetxe zigorra eskatu dute akusatuarentzat.

Gizonezkoak (49 urte) 42 sastada eman ei zizkion emakumeari, biek Laudion zuten etxebizitzan, 18 hilabeteko semea ere bertan zegoela.

Gaur, epaimahaiko kideak hautatu, eta akusatua galdekatzeko eguna dute. Epaiketak zortzi egun iraungo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian