Gizartea -

Eusko Legebiltzarra

Jaurlaritzak ez zizkion Cabacas auziko epaileari txosten guztiak eman

Beltran de Herediak azaldu duenez, konfidentzialak zirelako eta auziarekin zerikusirik ez zutelako hartu zuten erabakia. Berriro eskatuz gero, emango omen dizkio.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua. Argazkia: EiTB
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ez zizkion Cabacas auziko epaileari eskatutako bi txosten eman, konfidentzialak zirelako eta auziarekin zerikusirik ez zutelako, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak jakitera eman duenez. Hala ere, sailburuak azpimarratu du berriro eskatuz gero emango dizkiola.

EH Bilduk ekainean salatu zuen Segurtasun Saila oztopoak jartzen ari zela Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko prozesuan, eta txosten horiei egiten zien erreferentzia hain zuzen ere. Izan ere, koalizioak salatu zuen Jaurlaritzak uko egin ziola epaileari Ertzaintzaren istiluen kontrako protokoloen inguruko txostenak emateari, 6 eta 73 instrukzioak zehazki.

Beltran de Herediak eta Josu Zubiaga sailburuordeak Segurtasun Batzordean egin dute gaur agerraldia EH Bilduk eskatuta, aipatu polemikari buruz azalpenak emateko.

Sailburuak argi adierazi nahi izan du ez diotela epaileari "ezer emateari" uko egin, baina txostenen edukia azaltzera mugatu zirela.

Beltran de Herediak gaineratu duenez, epaileak uste badu bi instrukzio horiek sumarioaren parte izan behar dutela, "eskura izango ditu, errespetu guztiarekin".

Zubiagaren esanetan, epaileak egindako lehenengo eskariaren aurrean, Segurtasun Saila edukia orokorrean azaltzera mugatu zen, txosten horietako bat konfidentziala delako, eta bestea, are gehiago, informazio erreserbatua delako.

Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak berretsi du Segurtasun Sailak jarrera "oztopatzailea" duela, eta ikerketa bertan behera geratzeko arriskua dagoela salatu du.

Arzuagaren arabera, "ikaragarria" izan da epaileak eskaria lehenengo aldiz egin zuenean "uko egin izana".

Gainerako alderdiek babestu egin dute Jaurlaritzaren jokabidea, eta kasu honekin Ertzaintza toki txarrean utzi nahi izatea leporatu diote EH Bilduri.

Gipuzkoako komisariak

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak ez omen du Ertzaintzaren komisariarik ixteko asmorik, baina ez du argitu Gipuzkoan komisariek bat egin duten moduan, Bizkaian eta Araban ere egingo ote duten.

Basauriko eta Galdakaoko komisarien bat egitea ez dagoela mahai gainean esatera mugatu da, eta Gipuzkoako ereduaren emaitzak ikusi ondoren, baliabideen eraginkortasunaren alde lanean jarraituko dutela azaldu du.

Sailburua agerraldian zegoen bitartean, Ertzaintzaren sindikatuek protesta egin dute Legebiltzarraren atarian "estalitako itxierak" salatzeko, eta Gipuzkoako eredua Arabara eta Bizkaira zabaldu ostean, herritarrekiko arreta okertuko dela kritikatzeko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Cabacas auzia