Gizartea -
Basurtuko ospitalea
Ebola kasu berri posible bat antzeman du Osakidetzak Bizkaian
Protokoloa martxan jarri du Osakidetzak. Pazientea 38 urteko gizonezko bat da. Gizona Sestaon bizi da, baina Nigeriakoa da. Gaixoa egonkor dago Basurtuko ospitalean.
Erredakzioa
Ebola kasuei aurre egiteko protokoloa martxan jarri du Osakidetzak arratsaldean. Pazientea 38 urteko gizonezko bat da. Gizona Sestaon bizi da, baina Nigeriakoa da. Gaixoa egonkor dago Basurtuko ospitalean.
Azken egunetan sukar handia izan du pazienteak, eta protokoloa aplikatuz Basurtuko ospitalera eraman dute, Osakidetzak jakitera eman duenez.
38 urteko gizonezko nigeriarra Sestaon bizi da, baina duela gutxi Nigeriatik itzuli da. Egun batzuk sukar handiarekin eman eta gero, senitarteko batek larrialdi zerbitzuei abisua eman die eta Basurtuko ospitalera eraman dute.
Egonkor
Pazientea klinikoki egonkor dago eta beharrezko proba guztiak egiten ari dira ospitalean. Datozen 24 orduetan proben emaitzek ebola kasua baieztatu edo baztertuko dute. Estatuko beste erkidego batzuetan gertatu bezala, litekeena da beste eritasun bat izatea, nahiz eta hasiera batean ebolaren sintoma berdinak agertu.
Osasun Sailak eta Osakidetzak azaldu dutenez, proben emaitzak esku artean izan arte ez dute informazio gehiagorik emango, gaixoaren egoera aldatzen ez baldin bada.
19:00ak aldera gizona bere etxetik atera dute ohatila batean. Osasun-langileek lan-jantzi zuriekin eta maskarekin babestuta gaixoa eraman dute Basurtuko ospitalera.
Etxebizitza Sestaoko Tres Concejos plazan du gizonak. Etorkin ugari bizi dira zonaldean.