Gizartea -
2014/2015 ikasturtea
LOMCE 'oharkabean' pasatuko dela adierazi du Jaurlaritzak
370.000 ikaslek 2014/2015 ikasturtea hasi dute astelehen honetan, Euskadin.
Erredakzioa
Haur Hezkuntzako, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek gaur abiatu dute EAEn 2014/2015 ikasturtea. Aurten, LOMCE hezkuntza erreformak baldintzatuta dator ikasturtearen hasiera. Orotara, 368.516 ikasle daude deituta ikasgeletara.
Oraingoz, hezkuntza erreformak ez du aldaketa handirik ekarriko EAEn, eta ikasturte honetan "oharkabean" pasatuko dela esan du Eusko Jaurlaritzak. Dena dela, irakasleek eta guraso elkarteek zalantzak eta haserrea agertu dute.
Aurten, LOMCEren aldaketak Lehen Hezkuntzako lehen, hirugarren eta bosgarren mailatan bakarrik nabarituko dituzte.
Hezkuntza erreformak testuliburuak aldatzera behartzen zuen, baina, EAEn, ez dituzte aldatuko oraindik.
Ikasleek aurten sumatuko dituzten aldaketen artean, hauek daude: Ingurumenaren Ezagutza bitan zatituko dute, eta ikasteko arazoak dituzten ikasleak atzemateko proba bat abiatuko dute.
Gainera, Erlijioaren alternatiba izango den ikasgai berriak (Kultur eta Gizartea Balioak) eragina izango du batez besteko notan.
Euskararen arloan, hori bai, ez da aldaketarik izango.
Haurrak ikasturtearen hasieran, Mungiako Legarda ikastetxean. EFE
D ereduak gora
Jaurlaritzak zehaztu duenez, oreka dago sare publikoaren eta pribatuaren artean. Izan ere, ikasleen % 50,3k zentro publikoetan ikasiko dute, eta % 49,7k, pribatuetan.
Hizkuntza ereduei dagokienez, D eredua gora eta gora ari da, ikasleen % 68,8k ikasten baitute euskara hutsean, hau da, iaz baino puntu eta erdi gehiago.
B eredua ikasleen % 21,2k hautatu dute (8 hamarren gutxiago), eta A eredua % 10ek (7 hamarren gutxiago).
Sindikatuen protesta
Testuinguru honetan, ELA, LAB eta EILAS sindikatuek; Udako Euskal Unibertsitateak; Hik Hasi irakaskuntza sektoreko elkarteak eta Ikasle Abertzaleak ikasle sindikatuak LOMCE Euskadin eta Nafarroan ez ezartzea eskatu dute. Horren ildotik, "hezkuntza sistema propioa" eraikitzeko "pauso irmoak" eskatu dituzte.
Erakundeek Eusko Jaurlaritzaren aurka egin dute, eta hezkuntza erreforma ikastetxeetan ez sartzeko neurririk hartu ez izana deitoratu dute. "Are gehiago, LOMCEren zati batzuk moldatu ditu, eta ikastetxeei horiek abiatzea eskatu die", ohartarazi dute.
Halaber, Nafarroako Gobernua erreforma ezartzeko orduan "aitzindaria" dela salatu dute.