Gizartea -
Kontuen Ganberaren arabera
Nafarroako ospitaleetako sukalde zerbitzu publikoa merkeagoa litzateke
UPNk errefusatu egin du baieztapen hori, eta sinesgarritasuna kendu dio zerga alorreko erakundeak egindako txostenari.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuan ika-mika gogorra izan dute gaur Nafarroako Kontuen Ganberako presidenteak eta UPNk zerga alorreko erakundeak ospitaleetako sukalde zerbitzuaren pribatizazioaren inguruan kaleratutako txosten bat dela eta.
Bertan, Kontuek Ganberak esan du diru gehiago aurreztuko zela ospitaleetako sukaldeen kudeaketa publikoa izanez gero.
Horren aurrean, Antonio Perez Prados UPNren bozeramaileak erantzun du arlo publikoaren eta pribatuaren arteko alderaketa "miraria" dela: "Espainiak Munduko Kopan entrenatzaile gisa Txileko hautatzailea izan balu emaitza zein izango litzatekeen ikustea bezala da".
Hitz horiek "ezusteko txarra" izan dira Helio Robleda Comptos Ganberaren presidentearentzat, eta erakundea "kontrol teknikorako" organoa dela azpimarratu du, eta "ematen dituen datu guztiak egiaztatu" egin dituztela.
Hori dela eta, gogor kritikatu du "Kontuen Ganberak mirarien liburu bat baliatuz jokatu duela esatea Parlamentuan".
Robledaren ostean Marta Vera Osasun kontseilariak hartu du hitza, eta horrek esandakoari jarraituz, Perez Pradosek arindu egin ditu bere hitzak, eta oposizioari leporatu dio kudeaketa publikoa pribatuarekin parekatu izana, Kontuen Ganberari txostena eskatu zionean irizpide horiekin egin zuelako.