Gizartea -
Irailaren 6an eta 7an, Tolosan
Soka gaineko oreka Oria ibaian, Estatuko lehen Waterline jaialdian
Flow Balancek antolatutako ekitaldian Euskal Herri osotik eta atzerritik etorritako dozenaka espezialistak parte hartuko dute. Oria ibaiaren gainean jarritako soketan egingo dituzte oreka ariketak.
Manu Gimenez | eitb.eus
Zer da slackline-a? Gutxik jakingo dute zer den, baina askok ikusi dute dagoeneko norbait bi zuhaitzi lotutako soka baten gainean orekari eusteko ariketak egiten. Slacklinea modan dagoen kirol berria da. Helburua zinta estu bat alde batetik bestera gurutzatzea da, eta sekretua orekari eustean dago.
Tolosan, kirol honetako zale eta aditu talde batek, kirola Euskal Herrian zabaltzeko lanean diharduen Flow Balance elkartearen bitartez, Waterline jaialdia antolatu du astebururako, irailaren 6rako eta 7rako. Waterlinea slacklinearen modalitate bat da, eta soka, zorutik zentimetro edo metro batzuetara jarri beharrean, uraren gainean jartzen da.
Espainiako Estatuan lehen aldiz egingo da era horretako jaialdi bat, eta Euskal Herri osotik eta atzerritik (Argentina, Italia, Alemania…) etorritako partaideak bertaratuko dira.
Hala, 40-45 lagun izango dira zentimetro gutxi batzuetako zabalera duen soka batera igota Oria ibaiaren gainean orekari eusten saiatuko direnak.
Gakoa, buruan
Slacklinea orekan oinarritzen den kirola da modalitate guztietan (Waterline, Highline…). Iñigo Mansok, ekitaldiaren antolatzaileetako batek, azpimarratu duenez, kirol erraza da hasteko, bi zuhaitzi soka zabal bat lotu eta gainean jartzea besterik ez baita behar, besterik gabe. Mansoren arabera, zintaren gainean orekari eusteko, "burua libre, lasai" eduki behar da, kezkak albo batera utzita.
"Hasieran norbaiten laguntzarekin egin behar da, eskutik helduta zintaren gainean geldi egoten saiatu, eta gero, sokaren amaiera erreferentzia gisa hartuta, oinez joaten saiatu, oinetara begiratu gabe".
"Norbere buruaren kontrako lehia"
Kirol hau praktikatzen dutenen artean adiskidetasuna da ezaugarrietako bat, baina ez da taldean egiten den kirola, "norbere buruaren kontrako lehia" baita oinarria, beldurrak gainditu, kontzentratu eta sokaren amaierara iristeko geratzen diren metroei aurre egitea.
Highlinea slacklinearen beste modalitate bat da, eta funanbulistek egiten dutenaren oso antzekoa da, zorutik metro askotara jartzen baita soka bi punturen artean. Modalitate honetan are zailagoa da burua hotz edukitzea eta kontzentratzea. "Arnes batekin lotuta joan arren, altuera ikusi egiten da, tentsioa handia da, eta zaila da lasai egotea. Baina hor dago gozamena, buruari irabaztea eta zinta lasai igarotzea lortzea", azaldu du Mansok, Gipuzkoan jarri den lehenengo highlinea igaro duen lehenetakoak. Highline hori Amezketan jarri dute, Zazpiturriko eskalada eremuan, 30 metroko altueran, eta 35 metro luze da.
Waterline jaialdiaren egitaraua
Asteburuan Tolosako Zerkausira joaten direnek Oria ibaiaren gaineko Waterline modalitateaz gozatu ahal izango dute. Larunbat goizean hasi eta igande eguerdia arte, Zerkausiko terraza ekilibristen ikuskizunaz gozatzeko eremu bilakatuko da, eta bertan taberna eta musika jarriko dituzte.
Waterlineak, ibaiaren gaineko zintak, 10:30ean irekiko dituzte larunbatean, eta orduan hasiko da slackline espezialisten ikuskizuna.
Ondoren, "Freestyle" edo abilezia librearen txanda izango da, eta partaideen soka gaineko sormen ahalmena ikusteko aukera paregabea izango da. Arratsaldeko "Tricline Waterline" saioan, zinta gainean saltoak eta bestelako trebezia ariketak egingo dituzte. Gero, publikoaren txanda izango da; izan ere, zinta zirkuitu txiki bat jarriko dute Zerkausian, nahi duenak, monitoreen laguntzarekin, proba dezan.
Igande goizean, zinta gaineko trikimailu onena aukeratuko dute, ordubeteko saio batean. Horretarako, partaideek "dena" eman beharko dute ikusleak eta partaideak harritzeko, Iñigo Mansok azaldu duenez. Lasterketa bat ere egingo dute, zinta azkarren nork igarotzen duen ikusteko, eta gero "1 vs 1" erronkari ekingo diote. Bertan, bi partaide soka beraren gainean jarriko dira eta orekari denbora gehien eusten dionak irabaziko du.
Amaitzeko, parte-hartzaileek "nahi dutena" egiteko aukera izango dute minutu batzuetan, "ekitaldiaren oroitzapen on batekin gera daitezen".
Segurtasuna
Iñigo Mansok azpimarratu du partaideen segurtasuna dela lehentasuna, eta praktika eremua "% 100 segurua" izango dela. Era berean, Mansok gogorarazi du Flow Balance elkartearen egitekoetako bat slacklinean segurtasunak duen garrantziaz ohartaraztea dela.
Gainera, ekilibristak aurreratu du partaideak "askotan" eroriko direla uretara, baina waterlineren abantailetako bat, slacklineren aldean, azpian zorua eduki beharrean ura edukitzea omen da, "ez baituzu ondo erortzen kezkatu beharrik".