Gizartea -

Lan istripua

Langile bat hil da Getxon, kamioi batek harrapatuta

60 urteko gizona Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiko karpa jartzeko lanetan ari zela gertatu da istripua. ELAk ikerketa eskatu du. LABek esan duenez, 29 dira aurten hildako langileak Euskal Herrian.

60 urteko langile bat hil da Getxon, kamioi batek harrapatuta

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Behargin bat hil da astearte honetan Getxon, lanean ari zela, eraikin-kamioi baten azpian harrapatuta geratu ondoren. Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiko karpa jartzeko obretan lanean ari zela gertatu da istripua.

Ezbeharra Areetako Ajedrez enparantzan jazo da, goizeko 11:00etan.

Oraindik ez dakite ezbeharra nola gertatu den, ezta langilea zein den ere.

ELAk ikerketa eskatu du

ELA sindikatuak Getxon lan istripuan hildako gizonezkoaren heriotza ikertzeko eskatu du, erantzukizunik balego, horiek argitzeko.

60 urteko Andorrako langilea gaur zendu da, "dumper" motako ibilgailu industrial batek azpian harrapatuta. Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiko karpa muntatzeko lanetan zebilen.

ELAren ustez, langilea 9000solutions enpresak azpikontratatutako autonomo bat zen.

LABek istripua salatu du

LAB sindikatuak gaur eguerdian Getxoko jaialdi baterako prestaketa lanetan ziharduen langile baten istripua salatu du. Sindikatuaren hitzetan, "gaurko heriotz istripuarekin Euskal Herrian dagoeneko 2014ean 29 langile dira lanean hil direnak".

Halaber, "Getxon gertatu den kasuak azpikontrazio bat izan daitekeela pentsatzera eramaten gaitu, eta horrela balitz,  administrazioak lituzke ardurak, orain gutxi Leioan EHUn gertatu zen antzera", gaineratu du.

"Azpikontratazio egoerek horrelako egoera larriak dakartzate, larriagoa dena, egoera horren arduraduna administrazio publikoa denean. LAB sindikatutik istripua eragin duten gertaerak eta horien erantzukizunak lehenbailehen argitzea eskatzen dugu", sindikatuak ohar baten bidez adierazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Getxo