Gizartea -
Neurri bereziak
Dena prest Bilbon, Munduko Saskibaloi Txapelketari ongietorria emateko
Bostehun ertzainek osatuko dute, gaurtik aurrera, segurtasun dispositibo berezia, eta kontzertuak eta garraio zerbitzu ugariagoak egongo dira.
Erredakzioa
2014ko Munduko Saskibaloi Txapelketa hartzeko, azken orduko prestaketa lanetan ari da Bilbo. Barakaldoko BEC izango da lehiaketaren eszenatoki nagusia, bertan jokatuko baitira C Taldeari dagozkion partiduak. Bilbao Exhibition Center da Munduko Txapelketako aurreko fasea hartuko duen lau egoitzetako bat, Sevilla, Granada eta Las Palmasekin batera.
Astelehen honetatik aurrera, bostehun bat ertzain arituko dira segurtasun lanetarako antolatu den dispositibo berezian.
Bi atal nagusi ditu dispositiboak: inteligentzia, batetik, eta hiritarren segurtasuna, bestetik. Taldeak, teknikariak eta zaletuak Loiura iristen direnean hasi eta partidu, entrenamendu, desplazamendu eta kontzentrazioetaraino luzatuko da. Taldeek etxerako bidea hartzen dutenean amaituko dira neurri bereziak, Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez.
Gaur iritsiko da Zeelanda Berriko selekziora Bilbora, eta orduan jarriko da martxan segurtasun dispositiboa, abuztuaren 30etik irailaren 4ra ospatuko den fasea normaltasunez igaro dadin.
Ertzaintzak bilerak egin ditu Bilbon izango diren selekzioen enbaxadekin (AEB, Finlandia, Zeelanda Berria, Dominikar Errepublika, Turkia eta Ukraina), baita bertako poliziekin eta segurtasun indarrekin ere.
Bilboko eta Barakaldoko udaltzainekin ere egin dira bilerak, bertan izango baitira entrenamenduak eta partiduak.
Erandioko egoitzan kokatuko da segurtasun dispositiboaren koordinazio mahaia, eta abian izango da astelehenetik azken selekzioa Euskaditik atera arte; irailaren 5a izango dela uste da.
Finlandiarrak eta turkiarrak Bizkaian
Bilboko eta inguruetako hotelak ia beteta daude mundu guztiko saskibaloi zaleekin. Loiuko aireportuan Turkiatik eta Finlandiatik datozen edo hara doazen 44 hegaldi izango dira asteazkenetik irailaren 6ra arte. Bi herrialde horietako selekzioek erakarriko dituzte zaletu gehien Euskadira.
Aenak jakinarazi duenez, Helsinkira 20 hegaldi daude zehaztuta, eta Istanbulera Turkish Airlinesen eguneroko loturekin eta bi operazio berezirekin egingo dira hegaldiak.
Zerbitzu bereziak garraio eta tabernetan
Munduko Saskibaloi Txapelketako ikusleak garraiatzeko, Metro Bilbaok zerbitzu bereziak eskainiko ditu abuztuaren 29tik irailaren 4ra arte. Tarte horretan, tren gehiago eta sarriago ibiliko dira.
Abuztuaren 29an eta 30ean, gau osoan zehar ibiliko da metroa, eta gainontzeko egunetan, 02:30ak arte izango da zerbitzua.
Bestalde, Barakaldoko Udalak turistentzat doako autobus bat eskainiko du, saskibaloi zaleak hiriaren erdigunera gerturatu ahal izateko.
Gainera, Sestaoko tabernen ordutegia bi orduz luzatuko da abuztuaren 29an eta 30ean eta irailaren 5ean, 6an, 12an eta 13an.
Festa Bilboko Areatzan
Bilboko Areatzako Pasealekuan doako kontzertuak izango dira abuztuaren 29an eta irailaren 1ean, Munduko Saskibaloi Txapelketa dela eta.
Abuztuaren 29an, Txapelketa hasi baino egun bat lehenako, DJ Jazzy Jeffek girotuko du Bizkaiko hiriburua. Hiru Grammy eta hiru American Music Awards irabazi ditu.
Irailaren 1a atsedenaldi eguna da eta ez da partidurik izango BECen, baina Klaxons indie rock hirukote ingelesak eta We Are Standard getxotarrek dantzan jarriko dute Bilboko Areatza.