Gizartea -
Urriaren 29tik
Egiluz desagertu zenetik hamar hilabete igaro ostean, bila dabiltza
Anberesen desagertutako gazte galdakoztarraren senideek eta lagunek osatutako talde bat bizikleta-martxa bat egiten ari da Belgika eta Herbehereetan zehar, informazio bila eta kasua ezagutarazteko.
Erredakzioa
Hodei Egiluz gaur hamar hilabete Anberesen (Belgika) desagertutako Galdakaoko (Bizkaia) gaztea bilatzen jarraitzen dute, gurasoek, lagunek eta Hodei Bila elkarteak egindako lanari esker.
Lan handi horren azken bultzada igandean abiarazitako bizikleta-martxa da; hainbat senidek eta lagunek osatutako talde bat Belgika eta Herbehereak zeharkatzen ari dira aste honetan, kasua ezagutzera emateko eta informazio berria jasotzeko helburuarekin.
Ekimen gehiago ere izan dira, Garik ekainean egindako kontzertua, esaterako. Abesti bat egin zuen, gainera, horretarako. Beste adibide bat Deustuko Unibertsitateak egindako webgunea da. Europa osoan bilaketaren berri emateko egin zuen.
2013ko urritik hona, hilero-hilero, hilaren 19an, Hodei desagertu zen egunean, elkarretaratzea egiten dute Galdakaon edo Anberesen. Hilabete honetan, baina, elkarretaratzea bihar, asteazkena, egingo dute Anberesen Hodeiren gurasoek, martxan parte hartzen ari diren txirrindulariekin eta Stijn Vranken bertoko poetarekin batera.
Ekintza horiez gain, Hodeiren gurasoak EAEko eta EBko agintariekin ere bildu dira, EBko Barne komisarioarekin, Cecilia Malmstromekin, eta EBko Leiharako komisario bilbotarrarekin, Joaquin Almuniarekin.
Hodei Egiluz 2013ko urriaren 19an desagertu zen, 23 urte zituela, Anberes erdigunean lagunekin izan ostean. Hiri horretan lan egiten zuen, bertako enpresa batean.
Hodei goizaldeko hirurak aldera abiatu zen etxerantz, baina etxerako bidea hartu beharrean kontrako noranzkoan abiatu zen, kamera batzuen bidez baieztatu dutenez.