Gizartea -
Ebola
Ebolaren aurkako protokoloa aktibatu dute Basurtuko ospitalean
Pazientea egoera onean dago baina, sintomak ikusita, erietxeak isolatzeko erabakia hartu du, analisien emaitzak jakin arte.
Erredakzioa
Basurtuko Ospitaleak ebolaren aurkako protokoloa aktibatu du astelehen arratsaldean balizko kasu baten aurrean.
Pazienteak -Barakaldoko bizilagun bat- sukarra dauka, eta Sierra Leonatik etorri berria da. Bertako mehategi batean segurtasun lanak egiten ditu.
Osasun egoera onean dago baina, sintomak ikusita, erietxeak gaixoa isolatzeko erabakia hartu du, analisien emaitzak jakin arte. Osasun Sailak adierazi du ez duela ohar gehiagorik kaleratuko ordura arte. Analisien emaitzak datozen 48 orduetan ezagutuko dira.
Eusko Jaurlaritzak esan duenez, neurriak hartzeko erabaki du gaixoa isolatzea. Izan ere, Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek adostutako betebeharrak errespetatu dituzte.
"Lasaitasun mezua"
Hori dela eta, EAEko osasun aginteek "lasaitasun mezua" bidali nahi izan diete hiritarrei, "ez dagoelako alarma pizteko arrazoirik", eta abian jarritako aurrezaintzeko neurriak apirilean indarrean sartu zen protokolo baten barruan daudelako.
Estatu mailan, bigarren aldiz sartu da indarrean, Basurtuko honekin, ebolaren aurkako protokoloa. Larunbat honetan Alacanten, Sant Joan ospitalean, gizon nigeriar bat ere artatu zuten, eta ebola izateko sintomak zituen, baina azkenean analisiek baieztatu zuten eritasuna ez duela.
Osakidetzako langile bat, Basurtun. Argazkia: Efe.