Gizartea -
Madrilen
Barne Ministerioak goi-bilera egingo du, etorkinen egoera aztertzeko
Azken bi egunetan urte osoan baino etorkin gehiago iritsi dira bai itsasoz eta bai Melillako hesia gaindituz: milatik gora heldu dira igandetik hona.
Erredakzioa
Afrikatik Espainiara joandako etorkinen oldeak markak hautsi ditu aste honetan. Izan ere, azken bi egunetan urte osoan baino etorkin gehiago iritsi dira bai itsasoz eta bai Melillako hesia gaindituz.
Antza, eguraldi onaz gain, garrantzitsua izan da Marokoko Poliziak itsasoko kontrola bertan behera utzi izana.
Egoera aztertzeko, goi-bilera deitu du eguerdirako Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. Bertan, Barne ministroa bera, Segurtasun idazkaria eta Polizia eta Guardia Zibileko buruak elkartuko dira.
Gibraltarko itsasartean erreskate lanetan ari direnen esanetan, egunotan ez dute Marokoko Poliziaren ontzirik ikusi eta hori da hainbeste etorkin hain baldintza kaxkarretan iristearen arrazoi nagusia.
Igandetik hona, milatik gora etorkin iritsi dira Espaniara: igandean eta astelehenean 360 heldu ziren, eta atzo beste 836 heldu ziren.
Milatik gora etorkin sartu dira Espainian aste honetan. Argazkia: EITB.
Melillako hesian ere, 750 etorkin saiatu ziren muga gainditzen eta horietako 80k lortu zuten Espainian sartzea.
Dozenaka etorkin, Melillako hesian. Argazkia: EITB.
Espainiara sartzen diren etorkinak Tarifan, Algecirasen eta inguruetan kokatu dituzte oraingoz, baina horiek artatzeko azpiegiturak gainezka eginda daude erabat.