Gizartea -
Drama Gibraltarko itsasartean
1.000 etorkin baino gehiago erreskatatu dituzte azken 36 orduetan
Astearte honetan 835 etorkin erreskatatu ditu Itsas Salbamenduak. Gibraltarko itsasartea 92 ontzirekin zeharkatzen saiatu dira.
Erredakzioa
Astearte honetan, orain arte 835 etorkin, horien artean 20 adingabe eta 95 emakume, erreskatatu ditu Itsas Salbamenduak, azken balantzearen arabera. Gibraltarko itsasartea hondartzako 92 ontzi puzgarrirekin zeharkatzen saiatu dira.
Horrela, azken 36 orduetan 1.100 etorkin baino gehiago erreskatatu dituzte itsasartean. Etorkin guztiak Tarifako (Cadiz) portura eraman dituzte. Gurutze Gorriko 49 boluntariok artatzen dituzte bertan.
Era berean, etorkinak hartzeko kiroldegi bat prestatu dute Tarifan. Itsas Salbamenduko zazpi ontzik parte hartu dute dispositiboan, besteak beste, Salvamar Gadir, Salvamar Alkaid, Salvamar Atria eta Salvamar Dubhe, eta baita Gurutze Gorriko LS Hermes txalupa motorduna ere.
Helimer 318 Salbamenduko helikopteroa eta Guardamar Caliope ontzia operazioan parte hartzen ari dira, eta baita Guardia Zibila ere.
Goizeko lehen orduan bi ontzi atzeman dituzte, barruan 42 etorkin zihoazela, baina kopuruak gora egin du goizean zehar eta, azken informazioen arabera, 37 dira atzemandako txalupak. Guztira, 303 gizonezko, 47 emakume eta 11 adingabe erreskatatu dituzte.
'Guardamar Caliope' ontzia Tarifako portua. Argazkia: EFE
Astelehenean, errekorra
Atzo, 299 etorkin eta 31 ontzi erreskatatu zituzten itsasartean. Horrela, Salvamar Atria, Salvamar Gadir, Salvamar Alkaid, Salvamar Dubhe eta Guardia Zibileko patruila-ontzi batek 31 ontzi atzeman zituzten astelehenean. Guztira, 299 etorkin erreskatatu zituzten, horien artean 42 emakume eta lau adingabe.
Etorkin guztiak Tarifako (Cadiz) portura eraman dituzte. Gurutze Gorriko 48 kidek artatu dituzte bertan. Javier Gil Gurutze Gorriko Bulegoaren koordinatzaileak azaldu duenez, emakume bat osasun zentro batera eraman behar izan dute; izan ere, haurdun dago.
Itsas Salbamenduak igandean ere beste bi ontzi atzeman zituen.
2010etik inoizkorik gehien
2010etik hona atzemandako etorkinen multzorik handiena da. 2014an zehar, multzorik handiena martxoaren 15ean heldu zen; egun hartan, 78 etorkin saiatu ziren Estatura itsasoz heltzen. Horietatik 53 Almerian erreskatatutako patera batean zihoazen, eta beste 25 Melillako hondartza batera iritsi ziren.