Gizartea -
Inmigrazioa
Gutxienez 299 etorkin erreskatatu dituzte Gibraltarko itsasartean
2010etik hona, atzemandako etorkinen multzorik handiena da. Operazioa irekita dago eta patera gehiago daude aurkituta.
Erredakzioa
Arratsaldeko azken orduan beste hiru ontzi erreskatatu ditu Itsas Salbamenduak Gibraltarko itsasartean. Guztira, 32 etorkin salbatu dituzte hiru ontzi horietan. Horrela, 299 etorkin eta 31 ontzi erreskatatu dituzte itsasartean, astelehen honetan.
Itsas Salbamenduko iturriek jakitera eman dutenez, Salvamar Atria ontziak 32 etorkineko ontzia portura eraman du 21:30 aldera. Besteak beste, hiru emakume eta adingabe bat zeramatzan.
Horrela, Salvamar Atria, Salvamar Gadir, Salvamar Alkaid, Salvamar Dubhe eta Guardia Zibileko patruila-ontzi batek 31 ontzi atzeman dituzte dagoeneko. Guztira, 299 etorkin erreskatatu dituzte, horien artean 42 emakume eta lau adingabe.
Etorkin guztiak Tarifako (Cadiz) portura eraman dituzte. Gurutze Gorriko 48 kidek artatu dituzte bertan. Javier Gil Gurutze Gorriko Bulegoaren koordinatzaileak azaldu duenez, emakume bat osasun zentro batera eraman behar izan dute; izan ere, haurdun dago.
Itsas Salbamenduak igandean ere beste bi ontzi atzeman zituen.
2010etik hona, multzorik handiena da
2010etik hona, atzemandako etorkinen multzorik handiena da. 2014an zehar, multzorik handiena martxoaren 15ean heldu zen; egun hartan, 78 etorkin saiatu ziren Estatura itsasoz heltzen. Horietatik 53 Almerian erreskatatutako patera batean zeuden, eta beste 25 Melillako hondartzara batera iritsi ziren.