Gizartea -

Nazioarteko Larrialdia

Boli Kostak ebola duten herrialdeetako hegaldiak debekatu ditu

Bestalde, George Combey Ghanako elizgizona, Miguel Pajares apaizaren kidea, hil da bart ELWA Ospitalean, Monrovian (Liberia), birusak jota.

Osasun zerbitzuetako kideak, Liberian. Irudia: Efe
Osasun zerbitzuetako kideak, Liberian. Irudia: Efe
Miguel Pajares, sendagai esperimentalaren erantzunaren zain

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boli Kostako agintariek Ginea, Liberia, Sierra Leona eta Nigeria herrialdeetatik abiatu eta bertara zuzendutako hegaldi guztiak debekatu dituzte, herrialde horietan ebola kasuak antzeman dituztelako.

"Aire-konpainia guztiei ebola izan den herrialdeetatik bidaiariak ekartzea debekatu diegu", jakinarazi du Boli Kostako Gobernuak, bertako hedabideei igorritako ohar baten bidez.

Boli Kostako Gobernuaren erabakia aurreko ostiralean Munduko Osasun Erakundeak ebola nazioarte mailako larrialditzat jo ondoren etorri da.

Gainera, aireko eta lurreko mugetan kontrolatzeko eta antzemateko neurri berriak izango direla iragarri du. Felix Houphoet Boigny aireportura (Boli Kostako aireportu nagusia) heltzen diren bidaiariei, esaterako, tenperatura neurtuko diete.

Azken lau hilabeteetan, gaixotasun horrek 1.779 pertsona kutsatu ditu eta horietako 961 hil dira, Munduko Osasun Erakundeak egindako azken balantzearen arabera.

Gaixotasuna animalien eta pertsonen odolaren eta gorputzeko likidoen bidez kutsatzen da, odol-isuri larriak eragiten ditu eta % 90eko heriotza-tasa izan lezake.

Afrika mendebaldean lehen aldiz baieztatu dute ebola izurritea, orain arte Afrika erdialdean izan baitira ebola kasuak.

George Combey hil da, Liberian

George Combey Ghanako elizgizona, Miguel Pajares apaizaren kidea, hil da bart Monrovian (Liberia), ELWA Ospitalean, birusak jota, San Joan Jainkoarenaren Ordenak plazaratu duenez.

Gainera, Ordenak ohar baten bidez adierazi duenaren arabera, Miguel Pajares eta Juliana Bonoha Karlos III.a Ospitalean ebolaz kutsatuta dauden eriek "egonkor" jarraitzen dute. Erakundeak gogorarazi du bi gaixoek ez dutela nahi gaixotasunaren eboluzioa gizarteari zabaltzea.

Pajaresek sendagaia hartuko du

Miguel Pajares, ebolak jota Madrilgo Carlos III.a erietxean dagoen apaiza, ZMapp sendagaia hartzen hasiko da. AEBn erabiltzen duten sendagaia da, ebola gaitzaren kontrakoa. Espainiako Osasun Ministerioak baimendu du, asteon, botika espainiaratzea, eta atzo iritsi zen.

Ospitale horretatik zabaldu duten informazioaren arabera, Pajares eta Juliana Bonoha Bohe moja "egonkor" daude. Atzo bertan, Chantal Pascaline (Pajaresen lankidea Liberian) hil zen, ebolak jota.

Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak finantzatzen du) baimendu du sendagaia Espainian sartzea. AEBn bi gaixok hartu dute, historian lehenengoz, eta ikerketaren lehenengo faseetan dago oraindik.

Gainera, Ministerioak azaldu duenez, hiltzeko arriskua duten eta sendagairik hartzeko aukera ez duten gaixoek har ditzakete oraindik baimendu gabe dauden sendagaiak, egungo legediaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ebola gaitza