Gizartea -

Hodei Egiluz auzia

9 hilabete geroago, Hodei Egiluzen arrastorik ez

Maiatzan lekuko berrien agerpenak kasua irauli zuen, izan ere, Hodei desagertu zen egun hartan 04:30ean ikusi zutela adierazi zuten, baina ikertzaileek ez dakite ondoren zer gertatu zen.

Hodei Egiluz, Amberesen (Belgika) galdutako gazte galdakaoztarra. Artxiboko irudia: EFE
Hodei Egiluz, Amberesen (Belgika) galdutako gazte galdakaoztarra. Artxiboko irudia: EFE
Hodei Egiluz, Amberesen (Belgika) galdutako gazte galdakaoztarra. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hodei Egiluzen auziak argitu gabe jarraitzen du, gazte galdakaoztarra Amberesen (Belgika) galdu zela 9 hilabete igaro badira ere.

Belgikako Poliziak eta Justiziak auzia ikertzen jarraitzen dute, baina azken asteotan ez dute arrasto berririk aurkitu.

Iragan maiatzan lekuko berrien agerpenak kasua irauli zuen. Ordura arte, Hodei Egiluzen arrastoa kai inguruan galdu zela uste zuten ikerlariek, segurtasun kameren irudietatik abiatuta. Lekuko berriek 04:30 inguruan Hodei Egiluz tabernen kalean ikusi zutela adierazi zuten ordea, eta, beraz, ikerketak beste norabide bat hartu zuen. Dena den, ikerlariek ez dakite 04:30etik aurrera zer gertatu zitzaion gazte galdakaoztarrari.

Segurtasun kamerek grabatutako irudi batzuk argitaratu zituzten. Irudi horietan Hodei Egiluz Ambereseko MAS museoaren inguruetan ikus zitekeen, bakarrik eta nahasita. Gau hartan gaztearekin hitz egin zuten lekukoek azaldu zutenez, nahasita ikusi zuten gaztea eta Poliziari edo taxi bati deitzea proposatu zioten, baina erantzuten ez zuela ikusita, bertatik alde egitea erabaki zuten.

Belgikako Poliziaren ahaleginak ez du fruiturik eman oraingoz. Interpolek gaztea bilatzeko agindua emana du eta hainbat lekukok beren lekukotza eman badute ere, ez dute datu berririk lortu.

Hodeiren objektu pertsonalak ostea egotzita, bi pertsonak kartzelan jarraitzen dute. Dena den, litekeena da horietako bat laster aske gelditzea.

Arrasto berriak agertzen ez direla ikusita, Hodei Egiluzen gurasoak Belgikara joan dira aste honetan, eta Cecilia Malmström Europako Batzordeko Barne komisarioari Hodeiren bilaketan inplikazio handiagoa izateko eskatu zioten.

Ingeniaritza ikasketak amaitu ostean, Hodei Egiluz Amberesera joan zen praktikak egitera 2013ko apirilean, eta ondoren bertan lan kontratu bat eskaini zioten.

Hodeiren jaioterria, Galdakao, gaztea aurkitzeko buru belarri ari da. Hala, Hodei Bila izeneko talde bat sortu dute haren bilaketa bultzatzeko eta herrian hainbat ekitaldi antolatzen dituzte Hodei Egiluzen kasua ahanzturan eror ez dadin.

Datorren astelehenerako elkarretaratzea deitu dute Galdakaoko udaletxearen aurrean gaztearen alde.

Bestalde, abuztuaren 18tik 30era bitartean bizikleta martxa egingo dute Herbehereak eta Belgika bitartean, eta Hodei Egiluzen irudiak zabaltzeko eta haren bilaketa bultzatzeko baliatuko dute bidaia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao albisteak