Gizartea -

Jarduera datuak

Osakidetzan ebakuntzarako itxaron zerrenda batez beste 50 egunekoa da

Ebakuntza-gelan sartzeko 55 egunak ez pasatzeko konpromisoa mantendu du; 30 egun dira minbizia duten gaixoen kasuan, eta 90 bihotzeko gaixotasuna dutenentzat.

Argazkia: EiTB
Osakidetza
Itxaron zerrendak maila onetan mantentzen dira

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzan ebakuntza egiteko itxaron zerrenda % 1,51 igo da azken urtean, eta 50,76 egunean dago, ebakuntza-gelan sartzeko itxaroten ari diren gaixoek % 5,74 gora egin ostean.

Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Antonio Arraiza laguntzako zuzendariak Osakidetzaren urteko lehen seihilekoko jarduera datuak aurkeztu dituzte asteazken honetan. Halaber, helburua ez dela batez besteko denborak murriztea esan dute, mantentzea baizik, gero eta paziente gehiago daudelako.

Ekainean 19.603 pertsona zeuden Osakidetzan ebakuntza bat izateko zain, eta, ospitaleei dagokionez, HUAn (Gasteizekoa) batez besteko denbora 55,17 egunekoa zen, Donostian, 54,88koa; bi ospitale horiek dira gehien luzatzen direnak. Etxeberriak denbora horiek datozen hilabeteetan hobetu egingo diren konfiantza du.

HUAren kasuan, fusio-prozesu batean (Txagorritxu eta Santiago) dagoen ospitalea dela azaldu du, eta kirurgiarako bloke berri bat izatea aurreikusi dutela nabarmendu du.

Sare publikoko ospitaleen baitan, otorrinolaringologia, traumatologia eta urologia ebakuntzen luzapena igo egin da, eta oftalmologiakoak eta tokoginekologikoak murriztu.

Arraizak azaldu duenez, Osakidetzak ebakuntza-gelan sartzeko 55 egunak ez pasatzeko konpromisoa mantendu du; 30 egun dira minbizia duten gaixoen kasuan, eta 90 bihotzeko gaixotasuna dutenentzat.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Gasteiz Osasun albisteak Txagorritxu Ospitalea