Gizartea -

Iragarpena

Abisu horia amaituta, eguraldiak hobera egingo du

09:00etan amaitu da euriagatik jarritako abisu horia, eta hortik aurrera atertzen joango da. Toki askotan ostarteak zabalduko dira, eta tenperaturak 21-25 ºC inguruan kokatuko dira.

Gasteiz. Argazkia: Jose Antonio Ortiz de Zarate
Gasteiz. Argazkia: Jose Antonio Ortiz de Zarate
Gasteiz. Argazkia: Jose Antonio Ortiz de Zarate

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunetako euriteak baretzen joango dira datozen orduetan, eta 09:00etan amaitu da euriagatik martxan jarritako abisu horia. Euriak kalte handiak eragin ditu Nafarroako toki batzuetan, baina arratsalderako ostarteak zabaltzen hasiko dira, eta tenperaturak bere horretan geratuko diren arren, asteburuan aterrune luzeagoak eta ostarte zabalagoak espero dira, Euskalmetek jakitera eman duenez.

Gaur egunak aurrera egin ahala hobera egingo du eguraldiak. Goizean goiz eta ia goiz osoan oraindik zaparradak botako ditu, bereziki ekialdean, baina pixkanaka ezegonkortasuna desagertzen joango da eta hobetzen joango da. Hortaz, arratsaldean giro lasaia espero dugu, atertu egingo du eta ostarteak zabalduko dira toki askotan. Tenperaturan ez dugu gorabehera handirik sumatuko eta 21-25 ºC artean ibiliko dira.

Larunbatean, egunaren lehen zatian, giro lasaia izango dugu, baina arratsaldeak aurrera egin ahala okerrera egingo du. Goizean hegoaldeko haizea ibiliko da eta ondorioz, tenperaturak gora egingo du. Gainera, giro argia izango dugu eta zeruan goi-hodei batzuk baino ez ditugu ikusiko. Arratsaldean, aldiz, haizea iparraldetik finkatuko da, hodeiak ugaritu egingo dira eta euritara joko du, bereziki arratsalde-gauean eta kantauri isurialdean.

Igandean fronte hotz batek lurraldea zeharkatuko du, ondorioz, euria egingo du eta tenperaturak behera egingo du. Astea bukatzeko giro nahikoa ezatsegina espero dugu; zerua estalia agertuko da eta euria egingo du. Eguerditik aurrera prezipitazioa ugariagoa izango da eta sarriago egingo du. Gainera, nabarmen freskatuko du. Haizea aldakor eta ahul ibiliko da hasieran, baina berehala ipar-mendebaldetik finkatuko da eta kostaldean zakartu egingo da.

Astelehenetik aurrera eguraldiak hobera egingo du eta euria eta ostarteak tartekatuko dira. Tenperaturak ere gora egingo du apur bat.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eta bidali argazkiak eitb.eus-era.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea