Gizartea -
Lanak azaroan hasiko dira
Zubietako Tratamendu mekaniko-biologikorako planta, 2015erako prest
Plantak 160.000 tona hondakin jaso ahal izango ditu, eta ondoren, besteak beste, likidoak eta gasak aterako dizkie hondakinoi.
Erredakzioa
Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak iragarri duenez, Zubietako Tratamendu mekaniko-boilogikorako planta berria 2015 bukatu baino lehen prest egongo da, eta 60 milioi euroko inbertsioa finantzatzeko negoziazioak "bide onetik doaz".
Egitura eraikitzeko lanak datorren azaroan hasiko dituzte, HEC Alemaniako ingeniaritza enpresak egindako proiektua jarraituta. Proiektua egitean Europan eta Alemanian indarrean dagoen legedia aintzat hartu dute, arlo horretako "zorrotzena" baita.
Errazkinek zentro berriaren aurkezpena egin du Ainhoa Intxaurrandieta eta Antton Lete Gipuzkoako Hondakinen Kontseiluko (GHK) presidentearekin eta zuzendariarekin, hurrenez hurren, eta Rplf Sieshmeyer HECeko ordezkariarekin batera. Plantak 160.000 tona hondakin jaso ahal izango ditu, eta ondoren likidoak eta gasak aterako die hondakinoi, besteak beste.
Hondakin horren % 40k ez du kiratsik botako eta ez dio ingurumenari kalterik egingo, eta prozesuan ez da emisiorik egingo, esan du Sieshmeyerrek. Lehortutako eta kutsadurarik gabeko hondakina biltegietara eramango dituzte, Diputazioa lanean ari da biltegiak non kokatu erabakitzeko eta epe "ez oso luzean proposamen zehatzak izango ditu", zehaztu du Erraztik.
Halaber, planta pisu txikiko 13.000 ontzi kudeatzeko gai izango da, konposta egiteko instalazio bat ere izango du, 20.000 tona hartzeko.
Errazkinek gaineratu duenez, instalazioaren berezitasun bat "malgutasuna" da, hondakinen joan etorri berrietara moldatzeko gaitasuna izango duelako, eta zenbat eta gehiago bereiztu hondakinak, orduan eta hondakin gutxiago sartuko da plantan.
60 milioi euroko inbertsioa egin beharko da egitura egiteko, hau da, erraustegiaren 233 milioiko aurrekontuaren aldean 163 milioi euro gutxiago. Erraustegiaren proiektua Gipuzkoako aurreko Gobernuak abiarazi zuen, eta Gobernu berriak geldiarazi.
Inbertsioa finantzatzeko bankuekin egiten ari diren negoziazioak "bide onetik doaz" eta "epe motzean" bukatuko dira.