Gizartea -
Noos auzia
'Ez dut uste infanta akusatuen eserlekuan izango denik', esan du Rocak
Iñaki Urdangarinek ere helegitea aurkeztu du Jose Castro Noos auziko epailearen ebazpenaren kontra.
Erredakzioa
Miquel Roca abokatuak baieztatu egin du gaur, asteazkena, Jose Castro Noos auziaren instrukzio-epaileak egindako autoaren kontrako helegitea aurkeztuko duela. Cristina infanta delitu fiskalak eta dirua zuritzea egotzita epaitu behar zutela ebatzi zuen Castrok.
Hedabideei bere bulegoaren atarian egindako adierazpenetan, Rocak ez ditu defentsaren ildoak zehaztu, baina horren edukiak "ez du inor harrituko", esan du; izan ere, "ondo arrazoitutako argudio sendoak" izango ditu, "egin diren jardunekin eta horietan infantak izan ahal izan duen parte-hartzearekin bat datozen ildo doktrinal, juridiko eta prozesalaren araberakoak".
Helegitearen ebazpenaren inguruan baikor edo ezkor dagoen galdetuta, "kontua ez da baikor edo ezkor izatea" erantzun du Rocak. "Gu erabat sinetsita gaude gure bezeroa errugabea dela, eta seguru gaude Auzitegiak guk egokitzat jotzen dugun erabakia hartuko duela, baina ikusteko dago", gaineratu du.
"Oso-osoan sinetsiko ez banu gure bezeroak arrazoi osoa duela, gaizki defendatuko nuke", gaineratu du Rocak, eta Justiziari "presiorik ez egitea" eskatu du, "bere erritmoa, jarraibideak eta prozesuak baititu; independentziarekin lan egiten utzi behar diegu".
Horren ildotik, "Auzitegiak jakingo du denbora kudeatzen" helegite honen eta beste batzuen gainean ebazteko, esan du. "Nik ez dut inor estutuko ez zaidalako zuzena iruditzen. Ez dugu auziaren konplexutasuna ezagutzen. Denak behar du bere denbora eta denak du bere erritmoa. Egin dezatela lan lasai".
Cristina infanta akusatuen aulkian ikusteko aukeraz galdetuta, berriz, aukera hori ez darabilela buruan erantsi du.
Urdangarinek ere bai
Iñaki Urdangarinek, bere emazteak egin bezala, helegitea aurkeztu du ustelkeriako zenbait delitu egozten dizkion Jose Castro Noos auziko epailearen ebazpenaren kontra.
Erregearen arrebak helegitea aurkeztu eta minutu gutxira, Urdangarinen ordezkariek Castroren argudioen kontra egiten duten errekurtsoa erregistratu dute Palmako 3 zenbakiko Instrukzio Auzitegian, Probintzia Auzitegira zuzendutakoa.