Gizartea -
Ikastetxea itxiko dute
Ibaigane ikastetxeko langileek mobilizazioekin jarraituko dute
Birkokatzeko proposamenaren inguruan erantzunik ez dutela jaso salatu dute zentroko beharginek. Deustuko Ibaigane ikastetxeak ateak itxiko ditu datorren kurtsorako.
Erredakzioa
Datorren kurtsorako itxiko duten Ibaigane ikastetxe kontzertatuko 38 langileek mobilizazioekin jarraituko dutela jakinarazi dute, zentroaren jabe den Kristau Eskola ikastetxe erlijiosoen patronatoak edo Hezkuntza Sailak haien etorkizunaren inguruan erantzun bat eman arte.
Jesusen Bihotza kongregazioari lotuta dagoen Bilboko Deustu auzoko ikastetxeko langileak Bilbon batu dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean, beste ikastetxe erlijiosoetan birkokatuak izateko eskatzeko.
ELAko Ernesto Galbarriatu zentroko ordezkariak azaldu duenez, Salesianos ikastetxea langileak birkokatzeko leku egokia izan daiteke, gurasoen eta Hezkuntza Sailaren artean lortutako akordioari esker, Ibaiganeko Bigarren Hezkuntzako ikasleak bertan kokatuko baitituzte datorren kurtsora begira.
Akordio horren arabera, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei inguruko eskola publikoetan plazak bermatu dizkiete.
Galbarriatuk azpimarratu du ikasleen arazoa konpondu ostean, langileen arazoa gelditzen dela. Horiei, ikastetxearen aktibitatea abuztuaren 31n amaituko dela baino ez zaie jakinarazi.
Langileen ordezkariak birkokatzeko proposamenaren inguruan erantzunik ez dutela jaso salatu du, ezta Hezkuntzari eta Kristau Eskolari larrialdiko bilerak egiteko bidalitako eskaeraren inguruan ere.
Une honetan dakiten bakarra zera da, abuztuaren 31n langabezian geldituko direla. Ikastetxearen itxiera hartzekodunen lehiaketa edo desagerpen prozesu baten bidez izango den ere ez dute argitu.
Langile gehienen udako oporraldia bihar hasiko dela adierazi dute, baina, erantzuna iritsi arte, uztailean ere mobilizazioekin jarraituko dutela esan dute langileek.