Gizartea -

Jaiak

Alardea protagonista Irunen, San Martzial egunean

Normaltasun osoz eta eguraldia lagun, jendetza bildu da alarde tradizionalaz eta mistoaz gozatzeko. 17:30ean abiatu da berriro alarde parekidea.

Alarde mistoa Irunen. Argazkia: EiTB
Alarde mistoa Irunen.
Alarde tradizionala Irungo kaleetan zehar ibili da

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irunen San Martzial eguna ospatu dute gaur, jaietako egun handia, eta alarde tradizionala eta mistoa izan dira protagonista egun osoan.

07:40an abiatu da emakumeak kantinera gisa soilik onartzen dituen alarde tradizionala. 19 konpainiatan banatutako 8.000 gizonezkok parte hartu dute. Urdanibia plazatik abiatuta, San Joan plazara joan dira, eta bertan Iñaki Arruabarrena jenerala elkartu zaie, hirugarren urtez jarraian.

Ondoren, Junkaleko Ama Birjinaren elizara joan dira parte hartzaileak, eta 10:20rako amaitu dute ibilbidea, orduan hasi baita alarde mistoa, emakumezkoak soldadu gisa ere onartzen dituen alardea.

Alarde horretan 1.330 bat pertsona atera dira. Aurtengoan, gainera, Santiago konpainiak ere parte hartu du, eta Inma Landa da jenerala, Ainhoa Ruiz de Arbuloren ordez.

Arratsaldean ere egin dute desfilea. Mistoa izan da irteten lehena, 17:30ean, eta ordubetera iritsi da tradizionalaren txanda.

Azken urteotan egin duten legez, Gipuzkoako Aldundiko ordezkariek, Emakundek eta arartekoak alarde mistoa udaletxetik ikusi dute, eta Jose Antonio Santano (PSE-EE) alkateari gauza bera egin dezala eskatu diote, baina agintari sozialistak tradizionala bakarrik ikusi du udaletxeko balkoitik.

Irunek urtero ospatzen du, ekainaren 30ean, 1522an San Martzial egunez Frantziako soldaduen kontra izandako garaipena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Irun argazkiak Jaiak Irungo alardea